‘Guztion bidaia’, sentsibilizazio kanpainak garraio publikoan eta adinekoekin gizalegez jokatzea bultzatuko du

Irungo Udaleko Mugikortasun Jasangarriko Arloak ‘Guztion bidaia‘, sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du. Egitasmoaren helburua da hiri barruko garraio publikoan oro har eta, batez ere, adinekoekin gizalegez eta errespetuz jokatzea bultzatzea. Irungo alkate Cristina Labordak eta Mugikortasun Jasangarriko ordezkari Sergio Javierrek aurkeztu dute ekimena, gaur goizean, kanpaina prestatzen parte hartu duten adineko batzuekin batera.

Kanpaina datozen asteetan egingo da, eta markesinetan jarriko diren euskarri grafikoak eta kaleko ekintzak baliatuko ditu, baita protagonistatzat Pauso-K Dance Studio dantza taldea duen bideoklip bat ere, berariaz ekimenaren mezu nagusia adierazteko sortutako abesti bat: garraio publikoa guztiona da, eta, erabiltzaile guztien arteko bizikidetza egokia izango bada, arduraz jokatu beharra dago.

Cristina Labordak baieztatu duenez, kanpainaren helburua da “gogoraraztea autobusa guztiona dela eta bizikidetza jokabide xumeetan oinarritzen dela. ‘Guztion bidaia’ kanpainak oro har eta batez ere adinekoekin enpatiaz eta errespetuz jokatzera deitzen du, seguru eta lasai bidaiatzeko eskubidea baitute. Azkenean, ekimen honen bidez, hiri atseginagoa eraikitzen jarraitu nahi dugu, pertsona guztiak hartzen dituena kontuan”.

Sergio Javierrek azaldu duenez, berriz, adinekoen elkarteei aktiboki entzutetik sortu da kanpaina: “Adinekoak garraio publikoan mugitzen direnean bidaia zikintzen duten jokabide batzuk antzeman ditugu, hala nola eserlekua ez uztea eta geralekuetan igotzeko eta jaisteko tokia ez egitea, eta, kanpaina honen bidez, horrelako egoerak ikusarazi nahi ditugu, eta jokabide arduratsuak sustatu. Kontua ez da inor seinalatzea, baizik eta heziketa lana egitea eta garraio publikoa erabiltzaile guztientzat erosoagoa izan dadin ahalegintzeko kontzientziatzea”.

Ekimen honen bidez, Irungo Udalak errespetuan eta bizikidetzan eta erabiltzaile guztien arduran oinarritutako mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoa berresten du.

Geralekutik photocall-era

Kanpaina ezagutzera emateko, besteak beste, Fermín Calbetón kaleko geralekuko markesinetan “Guztion bidaia” dioten biniloak jarri dira, leloari kalean ikusgaitasuna emateko. Kanpainak ekimenarekin bat egitera eta haren mezua zabaltzen laguntzera deitzen ditu hiriko elkarte eta entitateak. Horrela, geralekua photocall bihurtuta, hiriko gizarte egitura osatzen duten elkarte eta entitateak argazkia ateratzera animatu nahi dira, eta irudia beren sare sozialetan partekatzera.

Mezu musikatua

Irungo kaleetan filmatu da, Irunbusen ibilgailu baten barruan eta Kateko geralekuan eta beste batzuetan, eta, erritmo urbanoko abesti baten bidez, kanpainaren mezu nagusiak adierazten ditu: errespetuak, enpatiak eta jokabide xumeek eguneroko bizikidetza hobetzen dute. Hitzek autobusean bidaiatzean ohikoak diren egoerak aipatzen dituzte, eta arduraz jokatzera deitzen dute, hala nola eserlekua uztera eta geralekuetan igotzeko eta jaisteko tokia egitera. Parte hartzaileak karteletako eta kanpainaren irudi grafikoko protagonistak ere badira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude