Ostegun honetan, hilak 5, ‘Zure abenturaren bila’ programaren saio berri bat ospatuko du. Aukera honetan, Igone Mariezkurrena izango da bidaiaria, ‘ Khangai mendietatik Altai magalera. Mongolia txirrindaz’ izenburuarekin. Hitzordua 19:30etan izango da, Irungo Amaia KZko hitzaldi aretoan, eta sarrera doakoa izango da. Interesdunak aretoa bete artean sartu ahal izango dira.
Saioa euskaraz izango da, eta Mongolian zehar bizikletaz egindako esperientziaren berri emateko helburuarekin proiektatuko da ikus-entzunezkoa, 60 bat minutuz. Ondoren, solasaldi bat izango da protagonistarekin.
Azpimarratzekoa da urteko lehen hiruhilekoko azken hitzaldia izango dela eta ‘Zure abenturaren bila‘ apirilaren 9an itzuliko dela, ‘Marruecos: un viaje por el alma de sus ciudades’ izenburuko gaztelaniazko hitzaldiarekin, Mariela Sánchez irundarraren eskutik.
‘Khangai mendietatik Altai magalera. Mongolia txirrindaz’
“Estepako muino borobilduak lehenik, moketa berde amaigabeak estaliak. Mendate harritsu, malkartsu eta haizetsuak gero. Basamortua ostean; area eta harri-txingorrak gurpil azpian. Eta ur urdin bizi-biziko bi laku itzel gero, beste mendilerro elurtu bat ortzimugan ikusi arte. Mongolian barrena pedaldakaz egin genituen 1.000 kilometroak magikoak izan ziren, herrialdeak eta herritarrek ustekabean hartu gintuztelako behin eta berriz, eta bertaratu arte ezinezkoa delako bere handitasuna irudikatzea”.
Zure abenturaren bila
Zure abenturaren bila bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko zaletasuna kontatzen dituzten, abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu izan dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, planetako mendirik garaienetara eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoetan egindako irteerak.



