Bidasoko herritarrek oihu bateratua egin dute pediatriako larrialdiak berriro irekitzeko

Erantzun herritar bikaina jaso du larunbat honetan Bidasoko Larrialdi Pediatrikoen Elkarteak deitutako elkarretaratzeak. Irun, Hondarribia, Hendaia eta Bortzirietako ehunka familia, osasun-langile eta bizilagun bildu dira Bidasoko Eskualdeko Ospitalearen aurrean, orain dela hilabete batzuetara arte martxan zen eta funtsezkoa den zerbitzu hau berreskuratzeko asmoz.

Ekitaldian zehar, bertaratutakoek euren kezka eta konpromiso irmoa adierazi dute. Elkarteak gogorarazi duenez, Bidasoko osasun-eremuak 20.000 adingabe baino gehiago artatzen ditu, eta zerbitzu honek 36 urteko ibilbide oparoa izan du milaka haurren osasuna bermatzen. Gaur egun, ordea, eskualdeak baliabide hori gabe jarraitzen du, eta horrek familia asko Donostiako Ospitalera joatera behartzen ditu, larrialdi egoeretan ziurgabetasuna eta arriskuak areagotuz.

Lurralde-desberdintasuna jomugan

Elkarretaratzean irakurritako adierazpenetan, antolatzaileek bidegabekeriatzat jo dute gaur egungo egoera. Azpimarratu dutenez, biztanle gutxiago dituzten beste eskualde-ospitale batzuek pediatriako larrialdiei eusten diete, eta horrek agerian uzten du Bidasoarekiko dagoen “lurralde-desberdintasuna”.

“Modu eraikitzailean baina irmoan lanean jarraitzeko borondatea dugu”, adierazi dute elkartetik, eta erakundeei dei egin diete herritarren ahotsa entzun eta erantzukizunez joka dezaten. Zentzu horretan, datorren hilean Eusko Legebiltzarrean pediatriako larrialdiak berriro irekitzeko eta osasun-zerbitzuak hobetzeko eztabaidatuko den mozioa funtsezkoa izango dela gogorarazi dute.

Mobilizazioak babes politikoa ere izan du; bertan izan dira, besteak beste, Jon Hernández (Sumar) eta Muriel Larrea (PP) legebiltzarkideak, baita eskualdeko hainbat zinegotzi ere. Elkarteak eskerrak eman dizkie kargu publikoei emandako babesagatik.

Antolatzaileek azaldu dutenez: “mugimendu hau ez da geldituko. Ekintzak bultzatzen jarraituko dugu gure seme-alabek osasun-arreta duina, hurbilekoa eta kalitatezkoa izateko duten eskubidea defendatzeko.”

Bidasoko Larrialdi Pediatrikoen Elkarteak iragarri du herritarrei informazioa ematen eta ekimen berriak antolatzen jarraituko duela helburua lortu arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude