Irungo Udalak hiriko segurtasunaren eta bizikidetzaren inguruko azterketa sakonaren emaitzak aurkeztu ditu gaur. Cristina Laborda alkateak eta Iñigo Berges Segurtasun ordezkariak azaldu dutenez, 600 galdetegi eta elkarrizketa bidez osatutako diagnostiko hau funtsezko oinarria izango da garatzen ari diren Plan Estrategiko berria definitzeko. Dokumentu honek herritarren beharrak eta lehentasunak jasotzen ditu, etorkizuneko ekintza zehatzak eta prebentzio-neurriak finkatzeko asmoz.
Ikerketaren datu nagusiek erakusten dutenez, irundarrek 5,5eko nota ematen diote hiriko segurtasunari, eta balorazio hori 6,3ra igotzen da auzoen kasuan. Adinekoak dira segurtasun sentsazio handiena dutenak. Hala ere, kezkak ere agerikoak dira: emakumeen % 63,7k eremu jakin batzuk saihesten ditu delitu baten biktima izateko beldurrez, eta gizonen kasuan % 35ek hartzen du neurri prebentibo hori. Herritarrek adierazi dute tren-geltokien inguruetan, muga aldean eta gaueko aisialdi guneetan sentitzen dutela alerta egoera handiena.
Irtenbideak
Egoera honi aurre egiteko, inkestatuek irtenbide argiak proposatu dituzte: % 70ek poliziaren presentzia handitzea eskatzen du, eta ondoren, kolektibo zaurgarrien gizarteratzea sustatzea (% 19) eta kaleetako argiztapena hobetzea (% 17,7) dira eskari nagusiak. Udaltzaingoaren (6,2) eta Ertzaintzaren (6,9) lana ondo baloratzen dute herritarrek, baina patruila gehiago eta udaltzain gehiagoren kontratazioa ezinbestekotzat jotzen dute segurtasun sentsazioa hobetzeko.
Cristina Laborda alkateak herritarren kezka horiek bere egin ditu: «Udalean eskura ditugun baliabide guztiak jartzen ari gara Irunek hiri segurua izaten jarrai dezan». Ildo horretan, kamera gehiago instalatzea eta poliziari bitarteko gehiago ematea lehentasunezkoa dela berretsi du. Iñigo Bergesek, aldiz, Ertzaintzarekiko lankidetza eta azken hilabeteetan emandako aurrerapausoak nabarmendu ditu, irundarrekin batera hiri seguruago bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartuz.
Plan Estrategiko hau Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Batzorde Iraunkorraren babespean garatzen ari da. Foro honek hogei kide ditu, tartean talde politiko guztiak, poliziako agintariak eta merkataritza zein auzo-elkarteetako ordezkariak. Partaidetza-mahai honen helburua da adostasun zabal baten bidez prebentzio-neurriak eta esku hartzeko lehentasunak finkatzea, hiriko bizi-kalitatea eta lasaitasuna bermatzeko.



