Azken egunotan, Poloniako Torun hirian jokatu den Europako Master Txapelketan, Super Amara BAT taldeko Imanol Gil eta Isabel Hernández atletek maila handian ordezkatu dute Bidasoko kluba. Emaitza azpimarragarriena Gilek lortu du, etxera bi domina garrantzitsu ekarrita: urrezko bat eta zilarrezko beste bat.
Imanol Gil
Imanol Gil (M35 kategoria) dominak lortzeko faboritoen artean iritsi zen Poloniara, eta aurreikuspenak bete ditu. Lehen bi kanporaketak erraz gainditu ondoren, martxoaren 30eko finalean 5. kaletik irten zen Gil. Garaipena eskura izan zuen Hallgeir norvegiarrarekin izandako buruz buruko estu batean, baina azkenean norvegiarra gailendu zen bi ehunenekorengatik soilik. Gilek 7,10eko denbora behar izan zuen zilarrezko domina ziurtatzeko.
Apirilaren 2an iritsi zen txapelketako unerik hunkigarriena. M35 kategoriako Espainiako selekzioarekin, Gilek urrezko domina eskuratu zuen final historiko batean. Taldeak 3 milisegundoko alde soil bategatik gainditu zuen Britainia Handiko laukotea (1.31.328), garaipen ikusgarria lortuz.
Esfortzu pilatuaren ondorioz, 200 metroko proban ezin izan zuen %100ean eman, baina hala ere 8. postu bikaina lortu zuen, denboraldiko bere markarik onena ezarriz (23,2 segundo).
Isabel Hernández
Bestalde, Isabel Hernándezek (W40 kategoria) ere lan txukuna egin du, nahiz eta dominengatik borrokatzeko aukerarik izan ez duen. Hernándezek denboraldiko bere markarik onenak hautsi ditu bi probetan.
Martxoaren 29an, bere saioan 4. postua lortu zuen 8,45 segundoko denborarekin, hurrengo txandarako sailkapenetik oso gertu geratuz. Martxoaren 31n, 5. postuan amaitu zuen bere seriea, 28,95 segundoko markarekin.
Super Amara BAT klubak zorionak eman dizkie bi atletrei Polonian erakutsitako maila eta esfortzuagatik, taldearen izena Europako elitean maila gorenean uzteagatik.



