Laskoain biribilgunea asfaltatzeak mozketak eragingo ditu Behobia inguruan asteburu honetan

Asteburu honetan, apirilaren 18an eta 19an, trafikoak aldaketak jasango ditu Irungo Behobia auzoak. Foru sareko errepideen zoruaren birgaitze jasangarriaren barruan, Laskoain biribilgunea asfaltatuko dute, eta horrek eragin zuzena izango du N-121-A errepideko 74,480 kilometro-puntuan.

Lanak goizeko 08:00etatik arratsaldeko 18:00etara egingo dira bi egunetan. Biribilgunea zatika asfaltatuko denez, zirkulazioa libre geratzen den erditik bideratuko dute langileek. Sarbideetako trafikoa seinalistek erregulatuko dute, txandaka bide emanez, baina gidariei arretaz ibiltzeko eta seinaleak errespetatzeko eskatu zaie.

Larunbatean, apirilaren 18an, biribilgunearen erdia itxiko da (Iruñea-Irun noranzkoa). Ondorioz, Zaisa I eta Zaisa II industrialdeetarako sarrera-irteerak itxita egongo dira. Industrialde horietara joan nahi dutenek AP-8 autobidea hartu beharko dute Frantziarako noranzkoan, Biriatuko ordainlekua baino lehen noranzkoa aldatu, eta Donostiarako noranzkotik “Irun-Garraio terminalerako” irteera hartu. Irteerarako, berriz, ITV estazioaren ondoko bidea erabili beharko da Antton Txipi biribilgunera iristeko.

Igandean, apirilaren 19an, biribilgunearen beste erdia asfaltatuko da (Irun-Iruñea noranzkoa). Egun horretan, AP-8ko 0 irteera (Iruñerako noranzkoa) itxita egongo da Frantziatik datozenentzat. Alternatiba gisa, Hendaia-Biriatu irteeraraino jarraitu beharko dute noranzko-aldaketa egiteko. Gainera, ezingo da biribilgunetik AP-8ra sartu Frantziarako noranzkoan; horretarako, Behobiako zubia zeharkatu eta ibaiaren Hendaiako aldetik joan beharko da Biriatuko ordainlekura.

Behobiako irteera guztiz itxita igandean

Azkenik, igandean ere, AP-8ko Behobiako irteera guztiz itxiko da goizeko zortziretatik arratsaldeko seiak arte. Lotura egiten duen biribilguneko zoladura konpontzeko lanak direla-eta, Irunera edo N-121-A errepidera joateko irteera hori erabiltzen duten ibilgailuek zubia gurutzatu beharko dute. Ondoren, ordainlekuaren aurretik dagoen Hendaia-Biriatuko irteeratik irten, noranzkoa aldatu eta Bilboko norabideko zero irteera erabili ahal izango dute N-121-A hartzeko. Behin lanak amaituta, zirkulazioa normaltasunera itzuliko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude