Irungo Isuri Gutxiko Eremua arautzeko ordenantza maiatzeko osoko bilkuran landuko da

Irungo Isuri Gutxiko Eremua (IGE) arautzeko ordenantzaren proposamena maiatzeko osoko bilkuran aurkeztuko da, hasierako onespena jaso dezan. Borja Olazabal Mugikortasun ordezkariak azaldu duenez, proposamen honek Europako zuzentarauei eta Klima Aldaketari zein Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legeari erantzuten die. Lege horrek 50.000 biztanletik gorako udalerriak behartzen ditu isuri gutxiko eremuak ezartzera, airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gasen isurketak zein kutsadura akustikoa murrizteko.

Zehazki, Irungo IGEak hiriaren erdialdea hartuko du, Bidasoa kaleak, Iparralde etorbideak, Gipuzkoa hiribideak eta Colón pasealekuak mugatutako eremuan. Murrizketak modu mailakatuan eta progresiboan ezarriko dira: 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ingurumen-etiketarik ez duten ibilgailuei eragingo die, eta 2030etik aurrera murrizketak B etiketa duten ibilgailuei zabalduko zaizkie. Hala ere, ordenantzak hainbat salbuespen jasotzen ditu; besteak beste, eremuan erroldatutako pertsonen ibilgailuek, mugikortasun murriztua dutenek, garraio publikoak, larrialdi-zerbitzuek eta bertako denda zein establezimenduetara doazen hornitzaileek sarbidea bermatuta izango dute.

Hurrengo urratsak

Prozesu hau herritarren eta eragile desberdinen parte-hartzearekin osatu da, ekarpenak jasotzeko hainbat saio eta informazio-kanpaina egin baitira. Behin osoko bilkurak hasierako onespena emanda, jendaurreko informazio-epea irekiko da alegazioak aurkeztu ahal izateko. Irungo Udalaren Azken helburua Irun osasungarriagoa, jasangarriagoa eta oinezkoentzat atseginagoa lortzea da, mugikortasun aktiboaren eta garraio publikoaren erabilera sustatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude