Irungo Udaleko Kirol zerbitzuak jakinarazi duenez, ur-horniduran izandako gorabehera baten ondorioz, ur-mozketa egingo da Azken Portu Kiroldegian bihar, asteartea, maiatzak 12. Mozketa goizeko 06:30ean hasiko da eta arratsaldeko 16:00ak arte luzatuko dela aurreikusten da. Intzidentzia horrek zuzeneko eragina izango du instalazioaren funtzionamenduan, igerilekuak eta spa eremua itxi egin beharko baitira, eta eraikinaren gainerako lekuetan ere ez baita urik egongo.
Hala ere, kiroldegiak ez ditu ateak guztiz itxiko. Harrera eta fitness aretoa irekita egongo dira erabiltzaileentzat, eta areto-ikastaroak zein fisioterapia zerbitzua ohiko moduan mantenduko dira. Udalak neurriak hartu ditu ur-mozketak ikastaroetan duen eragina gutxitzeko: goizeko eta eguerdiko igeriketa eta aquagym eskolak Artaleku Kiroldegiko igerilekuan emango dira, aurreikusitako ordutegi berberetan.
Kirol zerbitzuak barkamena eskatu die erabiltzaileei sor daitezkeen eragozpenengatik eta lanean ari da zerbitzua lehenbailehen normalizatzeko. Erabiltzaileei gomendatzen zaie ordutegi eta aldaketa hauen berri izatea bihar kiroldegira joan aurretik.



