Irunek 6,2 milioi euro gehiago bideratuko ditu auzoak eta zerbitzuak indartzera

Irungo Udalak aurtengo udal-aurrekontua handitzeko proposamen handinahia aurkeztu du, guztira 6.225.950 euroko kreditu-aldaketa baten bidez. Inbertsio honen zatirik handiena (5 milioi euro) aurten gauzatuko da, eta gainerakoa (1,1 milioi euro) hurrengo ekitaldirako gordeko da. Handitze hau 2025eko aurrekontuaren likidazioak eman duen 9,7 milioi euroko soberakinari esker egin ahal izango da. Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, “zifra hauek udal-kontuen kudeaketa arduratsua islatzen dute” eta hiriaren eraldaketan “herritarren eskaerei erantzun arin bat” ematea ahalbidetzen dute.

Inbertsio nagusiak auzoetako irisgarritasunera bideratuko dira. Nabarmenenak Errotazar kalean igogailu bat jartzea (600.000 euro guztira) eta Artian beste igogailu bat jartzeko proiektua abiaraztea dira. Horrez gain, Arbesko bidea aldatzeko 400.000 euro bideratuko dira eta Karmen eremuko irisgarritasun mekanikoa aztertuko da. Auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin, San Migelgo petanka-zelaia eta Belaskoeneako parkea estaltzeko pausoak emango dira, eta Meaka, Soroxarta eta Junkaleko jolas-eremuak berrituko dira.

Azkenik, zuzkidura ekonomikoak gehitu dira honako proiektu hauetarako: Arbesen disuasioko aparkaleku bat jartzeari buruzko azterlan bat egitea, Errotako errepideko zirkulazio-bidearen azterketa egitea, Arbesko bidea aldatzea (400.000 euro), hirian kale gehiago asfaltatzea, bizikleta-aparkaleku estali gehiago eraikitzea edo paperontzi gehiago instalatzea.

Udal-ekipamenduak hobetzea

Udal-ekipamenduen atalean, kirolak eta gizarte-zerbitzuek pisu handia dute. Katean kirol-instalazio balioanitz berri bat erosteko 600.000 euroko partida gaitu da, eta Udal Kontserbatorioan 538.000 euroko obrak egingo dira. Gizarte-zentroak, hala nola Luis Mariano eta Iraso, hobetzeko 73.000 euro erabiliko dira, adinekoen beharrei erantzunez. Segurtasunari dagokionez, hiri-argiztapena indartzeaz gain, Udaltzaingoaren baliabide digitalak eta ziberdelinkuentziaren aurkako prebentzioa finantzatuko dira.

Azken Portu eta Artalekuko kiroldegietan, Stadium Galen edo Artiako trinketean jarduerak aurreikusten dira ere, klub irundarren beharrak asetzeko. Horiekin batera, beste partida bat gaitu da kirol-material berria ekipamendu horretarako erosteko eta Azken Portuko igerileku txikiarentzako aulki egokitu bat erosteko, bertarako irisgarritasuna bermatzearren.  Udal-kontuek 80.000 euroko zuzkidura ere izango dute udal-merkatua eraberritzeko, eta 110.000 euroko zuzkidura Ama Birjina Mirarietakoa kapera konpontzeko.

Aipatutako partidekin batera, beste hainbat partida aurreikusi dira segurtasuna hobetzeko zenbait proiekturen bidez. Adibidez, hiriko hainbat puntutan argiztapena hobetzea (75.000 euro), hiriko puntu beltzak desagerraraztea, Juncal kaleko tunelean jarduketak egitea, eta Udaltzaingoaren plantilla handitzen jarraitzea, baliabide eta tresna berriak emanez, bere gaitasun operatiboa eta herritarrei arreta emateko gaitasuna indartzeko. Hala, babes digitala indartzeko partidak aurreikusten dira, eraso informatikoak eta ziberdelinkuentzia prebenitzeko, Udaltzaingoaren operatibitatea hobetzen duen plataforma digitala finantzatzeko eta Eurocop CUBE Mobile sistemarekiko erantzun-denborak murrizteko ere.

Alderdi soziala

Azkenik, alderdi sozialak eta komunitarioak ere bere lekua du kreditu-aldaketan. Ikastetxeetako osasun mentaleko programak, LGTBIAQ+ diagnostikoa eta Zubiako egoitzaren lekualdatzea (85.000 euro) jaso dira proposamenean. Bestetik, ausazko jokoen arriskuen aurrean jarduteko ekimena aurreikusten da ere eta baita Santiagotarrak Kirol Elkartearentzako Dragon Boat bat erostea, bularreko minbizia gainditu duten emakumeentzat. Kredituen aldaketak beste proposamen batzuk jasotzen ditu, hala nola hiriko merkataritza-sektorea dinamizatzen duten ekimenen aurrekontua handitzea edo hiriko kultura-programazioa indartzeko.

Nuria Alzaga Ogasun ordezkariak zehaztu duenez, inbertsio hauen ondoren 3,2 milioi euroko soberakina gordeko da etorkizuneko ezustekoei aurre egiteko. Proposamena Gobernu Irekiko Batzordean aurkeztu da eta maiatzeko osoko bilkuran bozkatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude