Irunen bizi den Beñat Lizaso pilotaria Euskal Selekzioarekin lehiatzeko hautatu dute Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren Munduko Txapelketan, gurpil-aulkiko gomazko palaren kategorian. Datorren urriaren 15etik 24ra bitartean jokatuko da txapelketa Buenos Airesen (Argentina) eta Colonia del Sacramenton (Uruguai). Nazioarteko txapelketaren hogeigarren edizio honek mugarri historikoa ezarriko du euskal kirolean, lehen aldia baita Euskadik modu ofizialean parte hartuko duena Euskal Selekzio gisa Munduko Txapelketa batean.
Txapelketa honetarako euskal ordezkaritza Gasteizko Foruen Plazan aurkeztu zen ; guztira 41 pilotarik eta 9 hautatzailek osatuko dute taldea, 13 modalitate ezberdinetan lehiatzeko (zesta, eskuz, paleta, parapilota, frontball zein xarea).



