Lehenengo aldiz, 10 eta 11 urteko ikasleek parte hartu ahal izango dute ‘Beldur Barik’ sariketan

Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak jakinarazi du martxan dela dagoeneko Beldur Barik sariketaren 12. edizioa. Indarkeria matxistaren aurkako jarrerak eta berdintasuna sustatzen dituen ikus-entzunezko lehiaketa honek berritasun nabarmen bat dakar aurten: lehenengo aldiz, 10 eta 11 urteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute. Hala, sariketa 10 urtetik 20 urtera arteko gazteei zabalik dago, eta proposamenak aurkezteko epea datorren azaroaren 15eko 23:59ra arte egongo da irekita.

Beldur Barik ekimenaren helburu nagusia da indarkeria matxistari aurrea hartzea, gazteen artean errespetuan, tratu onean eta ekitatean oinarritutako harremanak bultzatuz. Lehiaketara aurkezten diren bideoek gehienez hiru minutuko iraupena izan beharko dute (kredituak barne), eta euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, baita bi hizkuntzak uztartuta ere, azpitituluak gehituta; nolanahi ere, ebaluazioan euskararen erabilera balioetsiko da. Epaimahaiak kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik transmititzen den mezuaren indarra baloratuko du, bereziki nesken ahalduntzea eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa pizteko gaitasuna.

Hiru kategoria

Parte-hartzaileak hiru mailatan banatuko dira: lehenengo kategorian, estreinakoz, 10 eta 11 urtekoak arituko dira (2015ean eta 2016an jaiotakoak); bigarrenean, 12 urtetik 15 urtera artekoak (2011tik 2014ra bitartean jaiotakoak); eta hirugarrenean, 16 urtetik 20 urtera arteko gazteak (2006tik 2010era artekoak). Kategoria bakoitzeko irabazleak 400 euroko saria jasoko du, eta aurkezten diren gainontzeko lan guztiek 100 euroko ordainsaria eskuratuko dute parte-hartzea aitortzeko. Sariketaren oinarri zehatzak Udalaren eta lehiaketaren webgunean webguneetan kontsulta daitezke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude