Beñat Muguruzak Irungo euskararen historia sozialaren ikerketa aurkeztuko du abenduaren 2an CBAn

Jose Antonio Loidi ikerketa-bekaren 17. edizioa irabazi zuen lana amaituta, Beñat Muguruza egileak eta Josu Iguiñiz Irungo Udaleko Euskara ordezkariak ‘Euskararen fade-outa Irunen. Irungo euskararen historia soziala (1900-1936)’ proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte asteazken honetan. Ikerketa honek 9.000 euroko dirulaguntza jaso zuen udalaren eskutik, eta herritarren aurreko aurkezpen ofiziala abenduaren 2an egingo da, asteazkenean, 18:00etan CBA liburutegian, Euskararen Nazioarteko Eguneko programazioaren barruan eta sarrera librarekin.

Muguruzaren ikerketak XX. mendearen lehen herenean Irunen euskarak bizi izan zuen atzerakada aztertzen du xehetasunez. Lanak agerian uzten du Irun 1900erako Gipuzkoako herri erdaldunenetako bat zela, eta hiriaren muga-izaera funtsezkoa izan zela hizkuntza-ordezkapen hori ulertzeko: aduanak, trenbidea, immigrazioa eta hiritartze-prozesu azkarra izan ziren faktore nagusiak, landa-eremuaren pisuaren kaltetan. Ondorioz, gaztelaniak gaina hartu zion euskarari, batez ere hirigunean. Emaitza osatzeko, egileak hemeroteketako iturriak, udal-zentsuetako datu kuantitatiboak eta garai hartan jaiotako adineko pertsonei egindako elkarrizketak uztartu ditu kontakizun kronologiko eta koherente batean.

Iguiñiz ordezkariak azpimarratu duenez, “garrantzitsua eta interesgarria da Irungo Udalak bere esku edukitzea horrelako ikerketa-lan bat; Irun euskalduna dela badakigu, eta garai horretako analisia jasotzea ezinbestekoa da nondik gatozen jakiteko”.  Ikerketaren egileak ibilbide akademiko sendoa du: hezkuntza eleaniztunean doktorea da (cum laude), eta irakasle zein ikertzaile aritu da Mondragon Unibertsitatean, Parisko Sorbonan eta EHUn.

Jose Antonio Loidi bekak 1999an zendutako botikari, ikertzaile eta euskaltzale irundarraren ondarea omentzen du, besteak beste euskarazko lehen nobela beltzaren idazlea izan zena (‘Amabost egun Urgainen’, 1955).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude