
Txingudi Errugbi Klubeko emakumeen taldeak denboraldiko lehen poztasuna eman zien zaleei asteburuan, Hernaniren zelaian 39 eta 41 nagusituta. Gizonezkoen lehen taldeak, Zaisa Txingudik, zorte gutxiago izan zuen Errekalden, eta porrot mingarria jaso zuen puntu ugariko partida ero batean Uni Bilbo C-ren kontra (40-39). Harrobiko taldeek, aldiz, emaitzak onak izan dituzte asteburu honetan. Gainera, 18 urtez azpikoen norgehiagokaren atarian, klubeko kideek omenaldi hunkigarria egin zioten Karlos de la Fuente jokalari ohi eta entrenatzaileari.
Neskek norgehiagoka oso irekia eta lehiatua izan zen hasieratik. Mugakoek bizkor jokatu zuten aurkarien melé indartsuari aurre egiteko, eta Maria Adon jokalaria izan zen partidako izar nagusia: lehen zatian hirurogei metroko lasterketa ikusgarri baten ondoren hirugarren entsegua sinatu zuen, eta partida osoan zehar bost marka lortu zituen guztira. Clara Villemianek beste entsegu bat erdietsi zuen, eta Leire Muñozek ostikadekin egindako lan bikainari esker, 34-41 jarri ziren aurretik azken minutuetan. Etxekoek zazpigarren entsegua egin arren, ezin izan zuten markagailua irauli. Emaitza honi esker, Txingudik bi postu egin ditu gora sailkapenean, eta datorren larunbatean Uribealdea hartuko du Plaiaundin.
Gizonezkoen kasuan, defentsako akatsek garesti ordaindu ziren bi aldeetan, nahiz eta mugakoak aurretik jarri ziren Rafa Sanchezen eta “Lutxo” Echevarriaren entseguekin. Atsedenaldira 26-24koarekin iritsi ostean eta Roman Solisek jasotako txartel horiaren ondorioz hamarreko desabantailan aritu arren, bidasoarrak partidari eusten saiatu ziren. Azken txanpan, Aritz Rodriguezen bi markek eta amaierako jokaldian Xabi Sanchezek lortutako entseguak 40 eta 39ra hurbildu zuten taldea. Zoritxarrez, azken eraldaketa ezin izan zuten gauzatu, eta puntuak Bilbon geratu ziren. Hurrengo asteburuan Iruña jasoko dute Plaiaundin.
Harrobia martxa onean
Harrobiko taldeek, aldiz, asteburu bikaina osatu zuten etxean Gernika/Arratikori irabazita. 16 urtez azpikoek 38 eta 19 menderatu zituzten bizkaitarrak, sailkapeneko laugarren postua ziurtatuz eta bigarren fasea lehenengo mailan jokatzeko txartela lortuz; 18 urtez azpikoek, berriz, 43 eta 28ko garaipenarekin euren multzoko hirugarren tokian kokatu ziren. 14 urtez azpikoek Logroñon jokatu zuten lagunartekoa.
Gainera, 18 urtez azpikoen norgehiagokaren atarian, klubeko kideek omenaldi hunkigarria egin zioten joan den udan zendutako Karlos de la Fuente jokalari ohi eta entrenatzaileari.



