Etxebizitza eskubidearen aldeko aldarriek hartu zituzten Irungo kaleak azaroaren 11ko greba orokorrean

Azaroaren 11ko greba orokorrak jarraipen zabala eta mobilizazio ugari utzi ditu Irunen. Eguna goizean goizetik abiatu da informazio-piketeen lanarekin, eta arratsaldean iritsi da eguneko mobilizazio nagusia. Bidasoko Greba Batzordeak deituta, manifestazioak zeharkatu ditu Irun erdialdeko kale nagusiak, etxebizitzaren aldarria erdigunean jarriz.

“Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!” lelopean, manifestazioa 18:05ean abiatu da Zubimuxuko biribilgunetik eta San Juan plazan amaitu du ibilbidea, Hondarribia kalea, Zubiaurre, Geltoki kalea, Colón pasealekua, Foru kalea eta Kale Nagusia zeharkatu ondoren. Protesta dela eta, Irungo Udalak eta Udaltzaingoak zirkulazio-mozketak ezarri dituzte ibilbide osoan zehar arratsaldean, lehenengo eragina Letxunborro hiribidean izanez 18:00etatik aurrera.

Manifestazioan zehar, “Etxebizitzaren negozioari ez”, “Borroka da bide bakarra”, “Etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko”, “Ez begiratu, batu zaitez” eta “Negozioa bada ez da eskubidea” bezalako ohiuak entzun dira behin eta berriro. Ibilbidean zehar bizitako une berezienetako bat, Txanaleta plaza parean gertatu da. Bertan Txingudiko  Pentsionisten Mugimenduko kideak mobilizazioa txalo artean jaso eta manifestaziora batu dira jarraian.

Mobilizazio jendetsua izan da, 2.500 pertsona inguru helburu bakar baten alde elkartzea lortu duena. Izan ere, amaieran, San Juan plaza txiki geratu da manifestari guztiak hartzeko.

Jarraian, mobilizazioak utzitako irudiekin osatutako argazki-galeria ikus dezakezue:

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude