Irungo Udalak, Giza Eskubideetako, Memoria Demokratikoko eta Lankidetzako Arloaren bitartez, sei jarduerako egitaraua antolatu du abenduaren 10eko Giza Eskubideen Egunaren inguruan. Gorka Álvarez ordezkariak gaur, asteartea, azaroak 24, aurkeztu du programa prentsaurrekoan, ekimenetan parte hartuko duten eragileekin batera. Abendutik urtarrilera luzatuko den egitarau honekin, Udalak giza eskubideen babesaren eta sustapenaren aldeko konpromisoa berretsi nahi du.
Gorka Álvarezek nabarmendu duenez, eskubide horiek ezin dira inoiz segurutzat jo, eta erakundeen zein gizarte osoaren konpromisoa behar dute: «Programa honen bitartez, gure asmoa da topaketarako, hausnarketarako eta sentsibilizaziorako espazioak sortzea, balio hauek hiritarrengana hurbiltzea, eta gogoraraztea berdintasuna, duintasuna, askatasuna eta adeitasuna gure egunerokoaren parte izan behar direla».
Programazioa abenduaren 1ean abiatuko da Emigrados Sin Fronteras elkartearen La irregularidad es violencia múltiple y descentralizada argazki-erakusketarekin. Irungo Emakumeen Etxean egongo da ikusgai urtarrilaren 29ra arte —irekiera egunean bertan, 18:00etan, hitzaldia eskainiko du elkarteak—, eta administrazio-egoera irregularrean dauden emakume migratzaileek zaintza eta etxeko zerbitzuen sektorean jasaten dituzten indarkeriak ikusaraztea du helburu. Giza Eskubideen Egunean bertan, abenduaren 10ean, bi hitzordu izango dira: goizean (11:00etatik 14:00etara), gizakien salerosketaren aurkako azoka egingo dute San Juan plazan, FIET erakundearen eta Pio Baroja Ikastetxeko ikasleen laguntzarekin (murala, informazio-banaketa, dantza eta emakumeek egindako produktuen salmenta barne); arratsaldean, berriz, Zona Wao dokumentala proiektatuko dute Amaia KZko hitzaldi-aretoan (19:00etan), Ekuadorreko Yasuní parkeko petrolio-ustiaketak komunitate indigenengan eta ingurumenean dituen ondorioak aztertzeko, eta ondoren Haizea Bernas Medicus Mundiko arduradunak hitzaldia emango du.
Ikus-entzunezkoek protagonismo berezia izango dute abenduko bigarren hamabostaldian ere, Amaia Kultur Zentroan. Hilaren 18an, 19:00etan, Aitatxo dokumentala emango dute hitzaldi-aretoan, Anakotz Lasarte zuzendariaren solasaldiarekin; abenduaren 22an, aldiz, Teresa eta Galtzagorri film euskalduna proiektatuko dute auditoriumean, 18:00etan. Emanaldi horietarako sarrerak doakoak izango dira, eta www.irun.org webgunean edo Luis Mariano kaleko Turismo Bulegoan eskura daitezke. Azkenik, egitarauari amaiera emateko, Fundación Etiopia Utopía elkartearen Tigray argazki-erakusketa jarriko dute Palmera Montero Gunean, urtarrilaren 11tik 25era bitartean. Eñaitz Semperenearen irudien bidez, Etiopiako iparraldeko eskualde horretako biztanleen egunerokotasuna, kultura eta erronkak gerturatuko dituzte herritarrengana.



