Eroritako bi ezkiez gain, beste bi botako dira prebentzioz GI-636 errepidean

Irungo Udalak, Obra, Mantentze eta Azpiegitura arloaren bitartez, Behobia eta Azken Portu arteko GI-636 errepidean —Juan Thalamas Labandibar kalean— galtzadara eroritako bi ezki-zuhaitz kendu ditu, kalte pertsonalik eragin ez zuen ezbeharraren ostean. Inguruaren egoera bertatik bertara aztertu ondoren, Udalak erabaki du beste bi zuhaitz ere botatzea prebentzio-neurri gisa, oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Lan horiek gauzatu ahal izateko, GI-636 errepidea trafikorako itxita egon da Behobia eta Azken Portuko biribilgune berriaren artean atzo, asteazkena, arratsaldeko azken ordutik. Udalak jakinarazi duenez, gaur bertan, osteguna, azaroak 26, arratsaldeko 16:00etan irekiko dute berriro bidea, inguruko ibilgailuen zirkulazioa normaltasunera itzuliz.

Gainontzeko zuhaitzen azterketa

Datozen egunetan, lerrokadurako gainerako ezkien egoera aztertuko dute teknikariek, eta analisi horren ondorioetatik abiatuta hartuko dira segurtasuna bermatzeko beharrezko erabakiak. Herritarren segurtasuna lehenestearekin batera, Udalak aurreikusi du kendutako zuhaitzak ale berriekin ordezkatzea ahal den neurrian; horretarako, Juan Thalamas Labandibar eta Darío de Regoyos kaleen arteko ezpondaren baldintza berezietara hobeto egokitzen diren eta erresistenteagoak diren espezieak aukeratuko dituzte, segurtasuna eta berdeguneen berritzea uztartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude