Aia gimnastika artistikoko kluba hiriko kirol eskaintza osatzeko sortu da

2024-2025 ikasturtearen hasierarekin Irunek kirol klub berri bati eman dio ongietorria: Aia gimnastika artistikoa. Kirol honekiko zaletasunetik eta hutsunetik sortutako kluba da, hirian eta baita eskualdean ere gimnastika artistikoaren praktika sustatzeko. Andrés Comerón eta Amaia Comerón neba-arreben ekimenez abiaturiko proiektua bere lehen denboraldia badago ere, etorkizunera begirako asmo handiak ditu.

Andrés Comerónek azaldu duenez, berak 3 alaba dauzka eta haietako batek txikitatik gimnastika artistikoarekiko zaletasuna izan du. Andrés Comerónek azaldu duenez, “alaba txikia zenean gimnastika artistikoko kluben bila hasi ginen eta Gipuzkoan aukera bakarra Urnietan zegoela konturatu ginen”. Alaba bertara eramaten saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zitzaien. “Orduan hasi ginen gimnastika artistikoko klub bat sortzeko zer egin behar genuen aztertzen, zein aukera genituen aztertzen”, gaineratu digu klubeko sortzaileetako batek. Horrela, klubari izena jartzeko Andrés Comerónen 3 alaben izenen siglak erabili zituzten, Andrea, Iraia eta Ane, Aiako Harria natura parkearen izenarekin bateratuz.

“20 ikaslerekin hasi genuen ikasturtea eta jada 40 gimnastetara iristeko gutxi falta zaigu”

Andrés Comerón, Aia Gimnastika Artistikoko klubeko sortzailea

Klubak aurten ekin dio bere lehen denboraldiari. Andrés Comerónek aipatu duenez egun Gipuzkoa osoan kirol hau praktikatzen duten bi klub bakarrik daudela kontutan hartuta, egitasmoak oso harrera ona izan duela esan daiteke. “Gure kirolariak, Irunez gain, beste hainbat herritatik datoz, Donostiatik edo Oiartzundik, adibidez”, gaineratu du sortzaileetako batek. Andrés Comerónek azaldu duenez, “20 ikaslerekin hasi genuen ikasturtea eta jada 40 gimnastetara iristeko gutxi falta zaigu”.

Oihane Agudo Aia klubeko irakasleetako bat da eta jendeak gimnastika artistikoa eta erritmikoa asko nahasten dituela azaldu du, nahiz eta berez zerikusi gutxi izan. Irakasleak azaldu duenez, gimnastika erritmikoan lurrean lan asko egiten da pilota, uztaia eta beste hainbat tresna erabiliz; artistikoan, zoruaz gain beste gainazal batzuetan lan egiten da, ia aparaturik erabili gabe. “Gimnastika artistikoan uneoro lan egiten duzu zure gorputzarekin”, gaineratu du Oihane Agudok.

Txiki txikitatik gorputza lantzen

Haurrekin gimnastika artistikoa praktikatzen hasten direnean, lurrean soilik ariketak eginez hasten direla azaldu digu Oihane Agudo irakasleak: “zaldira edo barrara igo aurretik, lurrean ariketak egiten ikasten dute”. Beraz, lurrean ikasten dute jauziak eta txiribueltak egiten, eta mailaz igo ahala, ariketa horiek, adibidez, barra paraleloan egiten ikasten dute.

Aia gimnastika artistikoko klubean astelehenetik ostegunera ematen dituzte eskolak. Ikasturteak aurrera egin ahala ordutegiak egokitzen joan dira, izena eman duten gimnasta guztiei lekua egiteko: “batzuk 17:00etan hasten dira, besteak 17:30ean edo 18:00etan, eskolatik ateratzeko orduaren arabera”.

“Gimnastika artistikoan uneoro zure gorputzarekin lan egiten duzu”

Oihane Agudo, Aia Gimnastika Artistikoko klubeko irakaslea

Ordutegiez gain, entrenamenduen maila ere egokitzen dute, haurren gaitasunetara egokitzeko. Oihane Agudok azaldu duenez, Aia klubean lau urtetik aurrerako haurrekin lan egiten dute. “Bi entrenatzaile gara eta beraz entrenamenduetan banatu egiten gara, ikasleak mailaren arabera taldekatuz”, azaldu du Agudok. Horrela, kirolariek gaitasunak garatu hala, ariketak mailaz igotzen doaz.

Oihane Agudok azaldu duenez, gimnastika artistikoan gorputza asko lantzen da, batez ere, gorputzeko atal ezberdinen indarra. Gainera, bakarkako kirola izan arren, kirolarien artean asko laguntzen eta mimatzen dira. “Ikasturtea hasi genuenetik oso talde ona egin dute eta asko laguntzen diote elkarri”, erantsi du gimnastika artistikoko irakasleak. Horretaz gain, kirol honi esker haurrek barnean duten energia agortzen dute, eskolan ia egun osoa geldirik igaro ostean, gorputza mugitzeko aukera ematen baitie.

Eginez ikasiz

Gimnastika artistikoan, kirol guztietan bezala, eginez ikasten da. Kasu honetan, erorketak edo huts egiteak bermatuta daude kirola egiten den bitartean. Amaia Comerón klubaren beste sortzaileetako batek azaldu duenez, min hartzea saihesteko prebentzio neurri asko hartzen dituzte.  Beraz, gorputza ondo prestatzen dute horretarako, beroketa ariketak eginez gorputza aklimatatzeko, kaltegarriak izan daitezkeen ariketak saihestuz. “Horrela, ariketak egin bitartean, beti entrenatzaileetako bat egoten da gimnastekin”, azaldu du Amaia Comerónek. Era berean, eskolak amaitzerakoan, luzaketa ariketak ere egiten dituzte.

“Horrela, ariketak egin bitartean, beti entrenatzaileetako bat egoten da gimnastekin”

Amaia Comerón, Aia Gimnastika Artikoko klubeko sortzailea

Horrela, gorputza prestatzeaz gainera, gimnasioaren instalakuntzak ere guztiz prestatuak dituzte, kirola segurtasun osoz praktikatzeko. “Gimnasioa lurzoru berezi batekin estalia dugu, bertan erorketak arintzeko eta modalitate bakoitzean kirolaria babesteko koltxoneta bereziak erabiltzen dira”, aipatu du Amaia Comerónek.

Etorkizunerako begirada

Lehen denboraldia ia hasi berria badute ere, jada etorkizunera begirako planak dituzte Aia Gimnastika Artistikoko klubean. Kluba pixkanaka haztea nahi dute, haur gehiagori zerbitzua eman ahal izateko. Horrela, Amaia Comerónek adierazi du, “kirolari berriak klubera batu heinean material gehiago erosiko dugu, guztiek gimnastika artistikoaren modalitate guztiak probatu ahal izateko”.

Andrés Comerónek azaldu du Gipuzkoako Gimnastikako Federazioarekin harremanetan daudela eta baita Izurde izeneko Urnietako klubarekin ere. “Gure kirolean lehiaketak antolatzea osoa zaila da, oso klub gutxi gara eta”, azaldu du Comerónek. Dena den, epe laburrean elkarrekin erakustaldiren bat antolatzeko aukera ikusten dute, elkarren arteko harreman ona dutelako. “Etorkizunean agian Euskadi mailako lehiaketa bat antolatu dezakegu, Gasteizen beste klub bat baitago”, adierazi du Andrés Comerónek. Izan ere, hori da Aiaren helburu nagusia: denon artean lagunduz gimnastika artistikoa kirol bezala hazten laguntzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude