
Dagoeneko urte batzuk igaro dira Alde Zaharra-San Juan Auzo elkartean Urtezahar goizean ekintzak antolatzen hasi zirenetik. Auzoko jendearen oroimenari tiraka, “Perico Urtezahar” izeneko ohitura azturatik salbatu eta gaur egunera egokitu dute. Horrela, abenduaren 31n, Urte Zahar goizean, lasto eta hosto lehorrez eginiko panpin batekin kantuan irteten dira auzoan barrena. Junkal Susperregui elkarteko ordezkariak ekintzaren xehetasunak azaldu ditu.
Egitasmo honi esker elkarteak aspaldi egiten zen ekintza bat berreskuratzea lortu du. Junkal Susperreguik azaldu duenez, “Duela urte batzuk Gorka Álvarez gure auzo elkarteko kideak auzokide batzuekin hitz egiten ari zela gogoratu zuten duela urte dezente Periko Urtezar izeneko panpina batekin irteten zirela Urtezahar egunean abestera”. Ohitura, 2021. urtean berreskuratu zuten, pandemiaren testuinguruan.
Beraz, auzokide zaharrenen oroimenari tiraka, ohitura zaharrari hautsak kendu eta gaur egunera egokitzeko moldatu zuten. Izan ere, lehen Urtezahar arratsaldean egin ohi zen, baina orain goizean egiten dute. Panpinaren izena moldatu dute ere, “Perico Urtezahar” deitu beharrean, Urtezar ipini diote. Janzkeran ere apur bat ezberdina da, baserritarrez jantzi ordez, buzo urdin batekin janzten baitute. Baina, funtsean, ohitura bera da.

Junkal Susperreguik adierazi duenez, panpina lastoz eta hosto idorrez betetzen dute. Gainera, Urtezarren alboan, kutxatxo bat jartzen dute. “Helburua da jendeak bertan urtean zehar jazotako gertaera txarrak eta hastear den urterako desio politak sartu ditzala paperean idatzita”. Horrela, eskariak panpinarekin batera San Juan plaza erdian erretzen dituzte eguerdiko 14:00etan. Hala ere, Alde Zaharra-San Juan elkarteko kideak adierazi duenez, badira urtero erreketatik salbatzen diren bi gauza: Urtezarrek oinetan daramatzan katiuskak eta aulkia. Junkal Susperreguik aipatu duenez, horiek urtetik urtera berrerabiltzen dituzte.
Urtea kantuan agurtuz
Urtezar pertsonaia ordea, ez doa bakarrik. Berarekin batera abenduaren 31n auzoko kaleak alaitzeko osatutako abesbatza doa. Junkal Susperreguik azaldu duenez, edozein batu daiteke abesbatza honetara, beraz, ez dira zertan soilik auzokideak izan behar eta adinak ere berdin du. “Ez ditugu abeslari profesionalak bilatzen, baizik ondo pasatzeko prest dagoen jendea, elkarrekin urtea kantuan agurtzeko”, adierazi du elkarteko kideak.
Jendearen parte-hartzea errazteko, urtero abesti beretsuak izaten dira, “Dios te Salve” falta ezin delarik. Goiza auzoko kaleetan eta auzoko Zaharren egoitzan kantuan eman ostean, ibilbidea San Juan plazan amaitzen dute. Bertan, Sugarren artean Urtezar agurtuko dute elkarrekin, txakarrak kenduta, garbi urte berriari ongietorria emateko. Junkal Susperreguik gaineratu duenez, “Orduan, ohitura hori mantentzeko asmoarekin, aurten berriro ere kalera aterako gara gauza bera egitera”.
2025. urteari begira, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak eskari gutxi ditu. Momentuz ez dute buruan ekintza berririk antolatzeko ideiarik. JunkalSusperreguik aipatu duenez, “behintzat, orain arte urtero antolatzen ditugun horiek mantendu eta egiten jarraitu ahal izatea espero dugu”. Beraz, beren eskari xumea da, hori horrela izateko laguntza izaten jarraitzea, bai udalaren zein auzokideen aldetik.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



