Irungo Udala pozik agertu da urte hasiera honetan herriko kultur eskaintzak izandako harrera “bikainarekin”. Nuria Alzaga Kultura ordezkariaren esanetan, sarrerak hainbatetan agortu izanak erakusten du agenda askotarikoa eta adin guztientzako aproposa dela, kultura hiriko “kohesio elementu” gisa sendotuz.
Beteta Amaia KZn
Urteko lehen hilabeteetan, Amaia Kultur Zentroak (KZ) karteldegian “sarrerarik ez” kartela zintzilikatu du behin baino gehiagotan. Urtarrilean, Katxiporretaren saio bikoitzak 1.200 lagun bildu zituen. Horrez gain, Musika Bandaren kontzertuan, Luis Mariano Lirika Elkartearen emanaldian eta Pauso-K Dance-ren musikalean aretoa bete-bete egin zen.
Otsaila eta martxoan berriz, Inauterietako konpartsen aurkezpenean eta Bandaren hil amaierako kontzertuan ez zen eserleku hutsik geratu. Martxorako ere aurreikuspenak ez dira makalagoak: Corta el cable rojo eta Eva Sorianoren saioetarako sarrera guztiak saldu dira dagoeneko.
CBAn antzeko
CBA liburutegiko programazioak ere publikoa bereganatu du. Urtarrilean, Valeria Rosek eta Kaos Etiliko taldeak espazioa guztiz bete zituzten, eta Baginaren elkarrizketak antzezlanak %88ko okupazioa izan zuen. Otsailean, piano kontzertuetan eta Sanguijuelas del Guadiana taldearekin ere arrakasta bera errepikatu zen. Gainera, Inauterietako tailerrek eta ipuin-kontalariek harrera ezin hobea izan zuten txikienen artean.



