Asteburu honetan martxan jarriko da Zubia gizarteratze zentroan hotz larrialdiko ostatu-zerbitzua

David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak baieztatu duenez, asteburu honetatik aurrera prest egongo da Irunen neguari begira martxan jarriko den hotzagatiko larrialdiko ostatu-zerbitzua. Udal-baliabide hori 2005ean abiatu zen Irunen, eta, gaur egun, ostatua, edari beroa eta gosaria ematen die udalerrian dauden eta gaua pasatzeko etxerik edo leku egokirik ez duten adin nagusikoei. Zubia zentroak beti tokiak gordeko ditu, gaua pasatzeko baliabiderik ez dutenei soilik ostatu emateko.

David Nuñoren hitzetan, “Zerbitzu hau beste bat gehiago da Udalak bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzat dituen baliabideen artean; kasu honetan, gaua pasatzeko tokirik ez eta zaurgarritasun-egoeran daudenentzako baliabide bat da. Gau hotz hauetan inor ostaturik gabe ez geratzea da helburua, eta beharrezko baliabideak jarriko ditugu gaua estalpean igaro nahi duen inor kalean gera ez dadin”.

Zerbitzua asteburu honetatik aurrera jarriko da martxan, tenperaturak behera egingo duela aurreikusi baita, eta aktibatzen jarraituko du, gaueko tenperaturaren aurreikuspena 8 gradu edo gutxiagora jaisten denean.

Baliabide hau erabili nahi duten etxegabeek Zubira jo beharko dute, baliabidera sartzeko baimena eskatzeko (10.00-12.00). Behin lokalean, esku-hartze sozialaren alorrean prestatuta dauden eta esperientzia duten langileek lagunduko diete.

Hotzaren zerbitzuak 21:00etik 09:00etara dihardu, eta 21:00etik 22:00era bitartekoa da sartzeko ordutegia. Ordu horretatik aurrera, Udaltzaingoak lagundu ahal diete baliabidera etxerik gabe dauden pertsonei, ostatu-zerbitzu hori erabiltzea onartzen badute.

Horregatik, udalerriko edozein pertsonak, ikusten badu kalean etxegabeak daudela hotz-egunetan, abisua eman ahal dio Udaltzaingoari, 092 telefonoaren bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude