Irungo Udaleko Hezkuntza arloak jakinarazten duenez, martxoaren 2tik 13ra Udal Euskaltegiko apiriletik ekainera bitarteko ikastaro trinkoetan izena emateko epea irekiko da. Aurten, ikasleak onartzeko prozeduran berrikuntza nagusi bat dago: eskaria telematikoki egin beharko da. Ikastaro trinkoan izena ematen dutenek, apirilaren 13tik ekainaren 19ra bitartean jasoko dituzte eskolak, egunero lau orduko klaseekin, 09:00etik 13:15era.
Aurten, Udal Euskaltegian ikasleak onartzeko prozeduran berrikuntzak izan dira. Udal Euskaltegiak eskaintzen dituen ikastaroetan onartuak izan nahi dutenek eskaria telematikoki aurkeztu beharko dute Irungo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez edo hirian zehar kokatuta dauden autozerbitzu terminalak erabiliz. Horretarako, sinadura elektronikorako sistemaren bat (Irun Txartela-BAKQ…) erabili beharko dute.
Zentzu horretan, Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkaria Udal Euskaltegian izan da gaur irakasle eta ikasleekin egoteko. “Gure ikasleen egoera pertsonaletara egokituz euskara ikastea errazteaz gain, giza talde handia dugu”, nabarmendu du ordezkariak.
LANNAHI
LANNAHI egitasmoaren onuradunek 20 euro ordainduko dituzte ikastaro trinko bakoitzeko. Eskaria egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Izen-ematea egin ondoren, mailaketa proba egiteko 943 50 52 73 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.



