Pikoketan eraildakoak omenduko dituzte azaroaren 5ean

Azaroaren 5ean, igandean, goizeko 12:30ean 1936ko abuztuaren 11n Pikoketan eraildakoak omenduko dituzte. “Nicolas Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkarteak antolatutako omenaldiak musika, txalaparta eta lore eskaintza izango ditu.

Gertakariak

Iñaki Egañak emandako datuen arabera, 1936ko abuztuaren 11n, matxinatutako indarren buruzagi Solchaga koronelak agindu eman zien beren gizonei Aia-Erlaitz-Pagogaña lerroa hartzeko, eraso faxistari horrekin hasiera emanaz. Aurreko egunetan Solchagaren gudarosteak errefortzu berriak jaso zituen, eta baita beste artileria pieza batzuen hornidura garrantzitsua ere. Joaquín Ortíz de Zárate koronelak jaso zuen posizio horiek hartzeko agindua; izan ere, posizio horiek, berez, errepublikanoen aurreko talde txiki bat besterik ez ziren, eta indar nagusiak Erlaitzeko gotorlekuan zeuden kokatuak. Faxistek errepublikanoen aurreko taldetxo honi, kontu horiek ez jakitean, beren indar guztiak erabiliz eraso zioten.

Horrela sartu ziren Pikoketan, hura hamabost milizianok besterik defenditzen ez zuenean.  Pikoketa baserrian metrailadore bat zegoen, eta huraxe zen errepublikanoek erraztasun dezenterekin etsaia zaintzeko eta haren kontra egiteko zuten lekurik aurreratuena. Leku horretan zeuden milizianoak goiz horretan, abuztuak 11, eta gosaltzera zihoazen; toki horretan itxi-itxi zegoen laino artetik hainbat metrailadore tiro-sorta entzun ziren, eta horiexek izan ziren armada faxisten erasoaren iragarpen.

Kokaleku hori defendatzen zuten hamabost gazte haietatik bik bakarrik lortu zuten ihes egitea: Alejandro Colinak eta Patxi Arozenak. Gainerakoak preso hartu eta fusilatu egin zituzten berehalaxe baserriko hormen kontra jarrita. Bederatzi boluntario gaztek, haietako zaharrena 25 urtekoa eta gazteena 17koa, eta lau karabinerok, beren konpromiso iraultzailea, edo mugazainen kasuan, errepublikarekiko leialtasuna, sinatu zuten: Mertxe López Cotarelo, Pilar Vallés Vicuña, José María Arruti Idiakez, Victor Genua, Jesús López Casado, Agapito Domínguez, Bernardo Usabiaga Jáuregui, Manuel Justo Alberdi, Miguel López Pascual, eta  Vicente Argote, Agustín Bermejo, Félix Luz Echeverría eta Angel Braña López karabineroak. Fusilatutako bederatzi gazteak, EAJko Víctor Genua kenduta, komunistak ziren.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude