Azaroaren 9ra arte aurkez daitezke ‘Beldur Barik’ lehiaketarako ikus-entzunezkoak

Abian da ‘Beldur Barik’ ikus-entzunezko lehiaketaren 11. edizioa. Lehiaketan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek parte har dezakete. Azaroaren 9ko 23:59ak arte izango da lehiaketan parte hartzeko epea.

Lehiaketa honek indarkeria matxistan oinarritutako jokamoldeak eta jarrerak prebenitzea du xede, eta, hainbat ekintzaren bidez, errespetuan, tratabide egokian eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea. Lehiaketaren helburua da gazteek beren bizitzen esparru guztietan, eguneroko testuinguruetan eta eremuetan identifikatzen den desberdinkeriaren ondorioz jasaten duten indarkeria matxistaren adierazpideak ikusaraztea.

Lehiaketaren oinarriak

Irungo Udaleko Berdintasun zerbitzuak jakinarazi duenez, gehienez ere 3 minutuko iraupena duten ikus-entzunezkoak aurkeztu ahal izango dira, kredituak barne hartuta. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz eman ahal izango dira, baita bi hizkuntzetan ere, betiere azpitituluak euskaraz edo gaztelaniaz badaude. Oso aintzat hartuko da euskararen erabilera.

Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea eta mezuak nesken ahalduntzeari eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoari lotutako hausnarketak eta eztabaidak sorrarazteko duen gaitasuna balioetsiko da. Bi kategoriatan lehiatu daiteke: lehenengoan 12 eta 16 urte bitarteko parte hartzaileak lehiatuko dira (2009 eta 2013 bitartean jaiotakoak) eta, bigarrenean, 17 eta 20 urte bitartekoak (2005 eta 2008 bitartean jaiotakoak).

Kategoria bakoitzeko irabazleak 400 euroko saria jasoko du eta aurkeztutako bideo guztiek 100 euro jasoko dituzte. Udalaren zein lehiaketaren webgunetan daude eskuragarri lehiaketaren oinarriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude