Balazta Bidasoa eskualdean bizikleta erabilera sustatzeko elkartea da eta Euskal Herria hiribideko 12. zenbakian du egoitza. Tailerrean eskainitako zerbitzuetatik haratago, bizikletaren erabilera bultzatzeko tailerrak, txangoak eta martxak ere antolatzen dituzte. Segurtasunarekiko kezkak, berriz, agintarien planetan ekarpenak egitera eraman ditu, eta ahalegin horrek ia eguneroko lana eskatzen diela adierazi digute. Kotte Guevara eta Imanol Agirre Balaztako kideak izan dira elkartearen jarduera xeheki azaldu digutenak.
Balazta elkartea dagoeneko behar bezain ezaguna al da eskualdean?
Kotte: Egia da datorren urtean 10 urte beteko direla Balazta sortu zenetik. Hondarribian hasi zen bilera batekin, eskualdeko mugikortasuna aztertzeko helburuak elkartuta, eta batez ere, Irun eta Hondarribiaren arteko lotura izanik kezka nagusia. Mugikortasunarekin kezkatutako taldean elkartu eta lehenengo urratsak egin genituen. Hasierako harrera oso ona izan zen, gero talde sendo bat sortu genuen eta ia 4 urteren ostean lortu dugu Irunen ere jende gehiago batzea. Beraz, eskualde mailako elkartea gara orain. Elkartea asko hazi da, 20 bat lagun hasi ginelako eta orain 100 bazkide inguru gara. Orain beste fase batean gaudela esan dezakegu, eta ez zaigula asmo berririk falta.
- urtetik Larreaundi auzoan duzueegoitza. Elkartearentzat aurrerapauso garrantzitsua izan dela esango zenuke?
Imanol: Bai. Lokal honek beste dimentsio bat eman zion proiektuari. Ni justu orduan sartu nintzen Balaztan. Egoitza utzi ziguten Bir-Ziklatu izeneko proiektua martxan jarri ahal izateko. Irungo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera bultzatutako proiektu horrek bizikletak berreskuratzea eta berrerabiltzea sustatu nahi du. Horrela, kanpora begirako ekintzak egiteaz gainera, tailerrean bizikletak jasotzen eta konpontzen hasi ginen. Txatartegi batetik ekarritako bizikletekin hasi ginen, baina jada jendeak bere bizikletak ekartzen dizkigu guk martxan jarri ditzagun. Gure helburua hori da, bizikletak berriro segurtasunez erabilgarri jartzea, etxeetan gorderik egon ez daitezen.
“Kotxearena den mundu batean bizi gara eta mundu honi beste ikuspegi bat emateko ardura dugu”
Imanol Agirre, Balaztako kidea
Tailer hau duzuenetik, zeintzuk izan dira martxan jarri ahal izan dituzuen proiektuak?
Kotte: Hasieratik tailerra kudeatzea proiektu garrantzitsua izan da elkartearentzat. Izan ere, ordu asko sartzen ditugu bertan, bazkideak beren bizikleta konpondu ahal izateko aukera dutelako bertan. Gainera, mekaniko bat dugu bertan konponketetan laguntzeko. Bestetik, bizikletaren mantenua ere bertan egin daiteke. Horretaz gain, beste bizikleta batzuk dohaintzan emateko konpontzen ditugu. Adibidez, joan den urtean bizikletez beteriko kontainer bat bidali genuen Senegalera. Bertan oso harrera ona egin zieten eta kontatu ziguten haurrek eskolara joateko erabiltzen dituztela. Hemen bertan ere, hirira iritsi berri den jende askok bizikletak eskatzen dizkigu hemen inguruan mugitzeko. Berriki, Valentzian gertatutako tanta hotzean zehar bizikleta pilo bat desagertu ziren eta bertako bizikleta elkarteen eskariari erantzunez, 20 bat bizikleta bidali genituen bertara.
Tailerraz gain, baditugu beste hainbat proiektu. Esaterako, Nagusikleta, Nagusilanekin elkarlanean, triziklo handiak baliatuz, adineko jendea eskualdean zehar paseatu ahal izateko. Proiektu honen barnean ia astero irteerak egiten ditugu, adinekoen egoitzetako erabiltzaileekin txangoak egiteko. Esker on handiko proiektua da hau, jendea luzaroan ikusi ez dituen lekuetara eramatea ahalbidetzen digulako.
Imanol: Hori da, izan ere, inguruan dauzkagun elkarteekin harreman estua dugu. Ez zaigu gustatzen gauzak guk bakarrik egitea. Kottek esan duen bezala, hitzarmenak dauzkagu Caritasekin, Irungo Harrera Sarearekin eta beste hainbatekin. Eskolekin ere hitzarmenak egin ditugu, bizikletak mailegatzeko.
Zer abantaila dituzte Balaztako kideek?
Kotte: Elkarteko bazkideek hainbat onura dituzte. Esaterako, bizikleta konpontzeko eta mantentzeko tailerra eskaintzen zaie, mekanikoa eta erreminta eskura izateaz gainera. Pieza berriak edo bigarren eskukoak prezio on batean erosteko aukera duzu. Tailerra asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara zabalik dago. Tailerraz gain, noizbehinka txangoak eta martxak antolatzen ditugu. Ekintza guzti hauen helburua hirian bizikletaren erabilera sustatzea da eta, horregatik, segurtasunak ere asko kezkatzen gaitu.
Hori da. Horretarako, eskualdeko kaleetan ekintzak antolatzen dituzue. Zer presatu duzue maiatzerako?
Imanol: Maiatzean hainbat ekintza izango ditugu. Batetik, maiatzaren 18an, igandean, martxa zikloturista egingo dugu 10:30ean Zabaltza plazatik hasita Juncal Alfonso eta Garabateando Bidasoa taldearekin lankidetzan, marrazki bat egingo dugu Hondarribira iristerakoan. Maiatzaren 24an, larunbatean, beste martxa zikloturistiko bat izango dugu Zabaltza plazatik 10:30ean hasita eta Gurutze Gorriaren posturaino. Bertan, BBB ikastaroa emango digute eta desfibriladoreen erabilera erakutsiko digute 2 orduz. Azkenik, maiatzaren 29an, ostegunean, Balazta karparekin egongo gara Santiago zubian, gure informazioa partekatzeko eta ekainaren 5ean ospatzen den “Bizikletaren Munduko Egunari” begira egingo ditugun jarduerak zabaltzeko.
“Ekintza guzti hauen helburua hirian bizikletaren erabilera sustatzea da eta, horregatik, segurtasunak ere asko kezkatzen gaitu”
Kotte Guevara, Balaztako kidea
Kotte: Gainera, gure egoitzan tailerrak antolatu ohi ditugu, horietako batzuk bereziki emakumeei zuzenduak. Era berean, bizikletan ibiltzen irakasteko eta beldurrak kentzeko ikastaroak ere antolatzen ditugu.
Segurtasunarekin loturik, azpiegiturak hobetzeko proposamenak ere egiten dituzue.
Imanol: Bai, ekarpenak eta protestak ere. Kotxearena den mundu batean bizi gara eta mundu honi beste ikuspegi bat emateko ardura dugu. Europako beste zenbait lurraldetan bizikletak sekulako protagonismoa hartu du eta hemen, berriz, asko kostatzen ari zaigu. Beraz, beste modu batean mugitzen ikasi behar dugu.
Kotte: Bi hirietako Mugikortasun Mahaietan eta Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluan parte hartzen dugu. Lan ikusezina da, baina horretan ari gara ia egunero, nahiz eta administrazioarekin borrokatzea erraza ez den. Aurkezten diren proiektu berrien analisia egiten dugu, gero geure ekarpenak egiteko.
Etorkizunera begira, zeintzuk dira bizikletak eskualdean aurretik dituen erronkak?
Imanol: Inoiz baino bazkide gehiago ditugun arren, elkartean boluntario bezala laguntzeko prest dauden eskuak behar ditugu proiektuak aurrera eramaten jarraitu ahal izateko. Bereziki, jende gaztearengana iristea kostatzen zaigu. Bestetik, gizartean bizikletaren erabilera zabaltzea lortu nahiko genuke eta ez izatea soilik friki batzuen kontua.
Kotte: Era berean, komunikazio aldetik ere erronka bat dugu. Egunero egiten dugun lana sare sozialen bidez ezagutarazteko modua topatu beharko genuke, horrek ere gazteengana iristen lagunduko ligukeelako. Proiektuen aldetik, bidegorri berriak egiteko proposamenetan lanean ari gara, adibidez, Foru Aldundiak Errenteriaraino eraiki nahi duen proiektuarekin. Egiturekin loturik, beti lan handia dago.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.