Bienabe Artia kaleko aparkalekua, behin-behinean zabalik, lanak bukatu bitartean

Gaur goizean, Irungo Udalak jakinarazi du zertan diren Bienabe Artia kalearen eta Gazteluzahar ibilbidearen arteko bidegurutzeko aparkalekua handitzeko lanak. Auzotarren eskariz egiten ari dira, eta helburua da aparkatzeko 21 toki zeuden lekuan 39 sortzea guztira; hau da, aparkatzeko tokien kopurua ia bikoiztuko da.

Lanak bi fasetan banatu dira, aparkalekua handitzeko 1. faseko lanak egin bitartean 2. fasean ukituko den eremua erabili ahal izateko. Asfaltatze lanei dagokienez, orain arte, oinarriko geruza bakarrik jarri da, behin-behinean, eta, aurrerago, azken geruza jarriko da, errodadura geruza, aparkaleku osoan. Era berean, aparkatzeko tokiak behin-behinean markatu dira, lanak amaitu bitartean ibilgailuak txukun aparkatzeko.

Horrela, asteburu honetan, 1. fasean ukitutako eremua zabalduko da, behin-behinean, eta, hurrena, orain arte erabili den aparkaleku zatia hustuko da, antolamendu berrira egokitzeko. “Lanak gorabehera auzotarrek tokiren batzuk erabili ahal izan zitzaten saiatu gara. Lanak bukatzear daude, eta, auzotarrek eskatu zigutenez, aparkatzeko aukera gehiago izango ditugu inguruan. Aldi berean, zuhaitz gehiago izango ditugu“, azaldu du Cristina Labordak.

Obren deskribapena

Bertan dagoen aparkalekua antolatu eta zabaltzea da jarduketaren helburu nagusia, oinezkoentzako sarbide egokiak emanez. Azpiegiturei dagokienez, aparkalekuak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren jarduketak egikarituko dira; kasu honetan, argiei eta euri-uren saneamenduari dagozkien azpiegiturak egokituko dira. Bestalde, aparkalekuaren konfigurazio berriarekin horma batzuk eraikitzea ekarriko du, koten eta lursailaren arteko aldeak gainditzeko. Aparkalekuak baterian ezarriko dira, sarreraren  erreiaren bi aldeetan.Aparkalekurako oinezkoak Gazteluzar kaletik sartu ahalko dira arrapala baten bidez, edo Jose Mari Iparragirre kaletik, eskailera-tarte batzuen bidez. Azken sarrera hori eskailerekin egiteko, hormigoizko hormak eraiki beharko dira, eremu horretako ezpondak gainditzeko.

Azpiegiturei dagokienez, aparkalekuaren konfigurazio berriko lurrazaleko jariatze-uren bilketa berri bat egingo da, eta aparkalekurako zein Bienabe kaleko espaloirako argiztapen berria jarriko da, 8 metroko altuerako zutabeak jarriz, LED teknologiako luminariez. Altzariei dagokienez, eskailera-zatietan hainbat eskudel eta baranda jartzea aurreikusi da, baita metalezko egitura duen elementu bat ere, galibo gisa, tamaina handiko ibilgailuen aparkalekurako sarbidea mugatu ahal izateko.

40 zuhaitz berri baino gehiago auzoan

Lorategi eta zuhaitzei dagokienez, udal teknikariek azterketa egin, eta lanen 1. fasean ukitutako eremuko berdegunean zeuden zuhaitz guztiak birlandatu dira (guztira, sei ale), Gazteluzahar ibilbidearen ondoan, aparkalekutik metro gutxira. Era berean, perimetroaren beste muturreko lau lizartik hiru zutik utziko dira. Bestalde, berriki, 42 ale berri landatu dira Artian (batzuk, aparkalekutik oso gertu), aurten hiri osoan ehundik gora ale landatzeko kanpaina baten barruan.

Proiektua Urbycolan S.L. enpresari esleitu zaio, 209.921,28 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne) eta 4 hilabeteko egikaritze epearekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude