1921eko apirilaren 17an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkaria orain dela mende bat Irunen albiste ziren gertaeren erakusle garbia da. Aldizkariaren hasieran eskela batek Don Román Arrizabalaga Olideren heriotzaren berri ematen du. Jarraian, P. Sarasquetak Amuteko futbol zelaira egindako bisita deskribatzen du, aurretik ikusitako beste futbol zelaiekin alderatuz. “De tierras lejanas” atalean hauteskundeak edo “Centro Español” aretoko giroa deskribatzen du C.P-k Txileko Santiago hiriburutik. Futbolaz hitz egiten duen pasarte baten ostean, aldizkariko kolaboratzaile ohikoa den “E.R”-k jokoa eta apustuaren debekuaz hitz egiten duen artikulua argitaratzen du.
“El Bidasoa” aldizkariaren 294. zenbakiko bigarren orrialdean Txingudi izenordeaz sinatzen duen kolaboratzaileak “Aldatuko da” izeneko olerkia publikatzen du. “Colocación de una primera piedra” titulua daraman artikuluan Hondarribiko Portu auzoko elizaren eraikuntzaz hitz egiten da. Mañuelek bere idatzian, berriz, Madrilera artzainez jantzita joan zen lagunaren istorioa kontatzen du, emazteak Mañueli lagunarekin batera Madrilera joateko baimenik eman ez ziola salatzeko. Kirolen atalean, Espainiako Futbol Txapelketaren gainean hainbat idatzi argitaratzen dira, finalerdietako partiduaren xehetasunak azaldu eta momentura arte jokatutako partiduen kronikak argitaratzen dira.
Aldizkariaren hirugarren orrialdean, kirolarekin loturiko artikulu gehiago irakur daitezke, zenbakia “Notas Municipales” edo “Ecos de sociedad” atalekin amaitu aurretik.