Irungo Udaleko Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzuak ‘Udagiro‘ egitasmoaren edizio berri bat antolatu du 2025eko udararako. Programa honen helburua da beste herrialde edo erkidego batzuetatik etorri berri diren eta euskararekin zailtasunak dituzten haur eta gazteei euskara eskola ludikoen bitartez laguntza eskaintzea udan. Bertan parte hartzeko izen ematea maiatzaren 15ean hasi eta maiatzaren 23an 14:00etan amaituko da.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat zuzendutako programa da Udagiro. Horretaz gain, Irunera etorri izan behar dira 2024/2025 edo 2023/2024 ikasturteetan eta bertako ikastetxe/institutu batean eskolatuta egotea.
Aurtengo udako hilabeteetan bi txanda egongo dira eta sei talde osatuko dira, baina aldatu egin daiteke eskaeren arabera: lehenengoa uztailaren 4tik 24ra (hiru talde) eta bigarrena abuztuaren 5etik 26ra (hiru talde). Taldeak bi ordutegitan banatuko dira: 9:30etik 11:30era eta 11:30etik 13:30era. Irungo Herri Jakintza Euskaltegiak kudeatuko ditu euskara eskola ludiko hauek.
Eskatzaileek txanda bakar batean parte hartzeko aukera izango dute. Izen ematea, berriz, Irungo Udalaren webgunearen bidez egin beharko da maiatzaren 15etik 23ra bitarte. Programan parte hartzeko lehentasuna izango dute 2024/2025 ikasturtean Irunera etorritako ikasleek. Eskaria eskaintza baino handiagoa balitz, zozketa egingo litzateke maiatzaren 30ean.
Euskara ikasteko modu ludiko bat
“Udagiro” egitasmoaren edizio berriaren aurkezpenean parte hartu dute Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak eta Gema Urtizberea Irungo Herri Jakintza Euskaltegiko zuzendariak. Ordezkariak berak azpimarratu du garrantzitsua dela “ikasturtetik kanpo euskara ikasten jarraitu nahi duten gazteei ere laguntzea”. Josu Iguiñizen hitzetan, ‘Udagiro’-ren bidez, Irunera beren sustraiak urrun utzita etorri behar izan zutenei laguntzen zaie, eta baloratzekoa da bilatzen duten integrazio hori, bertako kulturaren eta hizkuntzaren jakingarriak izanik. “Euskara Zerbitzua gure hirian euskarazko urratsak ematen jarraitu nahi dutenen ondoan egongo da”, erantsi du Iguiñizek.
Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzutik azaldu dutenez, Jardunaldi hauek oso baliagarriak dira, inolako zalantzarik gabe, haur eta gaztetxo hauek ez bai dute euskararekiko lotura zeharo eteten udako oporretan eta horrela kurtsoaren zehar egiten duten ahalegina indartzen dute.



