Irungo Udaleko Euskara Arloak aurtengo udan ere Udagiro programa eskainiko du dohainik. Programa honen bitartez, Irunera etorri berri diren haurrek euskara indartzeko eskolak jasotzeko aukera dute. Ekimenak Udal Euskaltegian udan zehar egingo diren ikastaroekin bat egiten du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 23an emandako aginduaren arabera, ikastetxeetan klaseak eman daitezke berriro ere.
Klase horietan parte har dezaketen haurrek baldintza hauek bete behar dituzte; 2018- 2019 edo 2019-2020 ikasturteetan Irunera iritsitakoak izan edo hiriko ikastetxeren batean eskolatuta egon eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak eginak izatea edo Bigarren Hezkuntzako ikasleak izatea. Bi txandatan eskainiko dira: Uztailaren 3etik 24ra, eta abuztuaren 3tik 24ra. Euskaltegiko klaseetan bezalaxe, klaseetan osasun agintariek kasu horietarako zehaztutako segurtasun- eta garbiketa-neurriak beteko dituzte.
Izen-emateak ekainaren 17 arte egin daiteke Internet bidez, Udal webguneko euskara atalean. Udagiroko klaseak non emango diren zehaztu gabe dago oraindik.