Carlos Blanco Aguinagaren alabak, Alda eta María Juncal, Irunen bisitan dira. Estatu Batuetatik etorri dira bisitan eta Irungo alkate Cristina Labordak eta Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkari Nuria Alzagak harrera egin diete. Elkarrekin eta gainontzeko udal ordezkariekin batera CBA kulturgunea ezagutu dute.
Carlos Blanco Aguinaga hiriaren historiako idazle nagusietako bat izan zen, eta alabek haren izena duen kulturgunea bisitatu dute. Gaur egun, Alda Wisconsineko Unibertsitateko Ikasketa Latinoamerikar eta Iberiarren Zentroko irakasle titularra eta zuzendaria da, eta Kalifornia San Diego Unibertsitateko doktorea, eta María del Juncal, berriz, giza eskubideen esparruko abokatua izan da, Mexiko Berrian eta orain erretiratuta dago.
Hiriko alkatearekin eta Kulturako ordezkariarekin batera, CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroan hasi dute bisita. Zentro berriari esker, CBA berria orain artekoa halako bi da: 2.400 metro karratu gehiago, erabilera anitzeko zentro batean, eta askotara erabiltzeko aretoak, hala nola hitzaldiak emateko eta askotariko formatuetako erakusketak egiteko aretoak eta areto eszeniko bat.
Bisitaren nondik norakoak
Cristina Laborda alkateak ohore bezala deskribatu du Carlos Blanco Aguinagaren alabei harrera egiteko aukera. Alkateak gogoratu duenez, “Carlos Blanco Aguinaga funtsezkoa izan zen hiriaren garapen kultural eta literarioan, eta badira hamar urte baino gehiago hiriaren erdigunean haren izeneko zentro handi bat sortu eta herritar guztien esku utzi genuela”. Labordak erantsi du zentroa erreferentzia bihurtu dela lurralde osoan, eta ziur dagoela Aldak eta María del Juncalek Ameriketako Estatu Batuetara itzultzen direnean gogoan izango dutela hiriak kultura bertan egitearen alde egindako apustua. “Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet gaur hona berau ezagutzera etortzeagatik” gaineratu du alkateak.
Bisitak udal liburutegian jarraitu du, Iñaki Ceberio liburuzainarekin batera. Kulturgune moderno baten barruan, gune ireki, irisgarri eta eroso bat da liburutegia, hilaren 5ean hamar urte bete zituena. Hain zuzen ere, Aldak inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen, eta, oraingoan, ahizparekin batera, Liburutegien Nazioarteko Egunaren bueltan itzuli da, urriaren 24an baita.
Carlos Blanco Aguinaga
Carlos Blanco Aguinaga 1926an jaio zen, Irunen bertan. Eleberrigile eta irakaslea izan zen, eta haren maisutzak hispanista eta idazle belaunaldi bat baino gehiago markatu zuen. Familia errepublikano baten baitan sortua, Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, 1936an, Hendaian erbesteratu zen, familiarekin batera, eta, 1939an, Mexikora emigratu zuen. Han, unibertsitate mailako ikasketak hasi, eta Harvarden beka bat eskuratu zuen. Horrela, Ameriketako Estatu Batuetara aldatu, eta, 1948an, Floridako Unibertsitatean lizentziatu zen.
Ikasketak bukatu zituenean, denboraldi batean, merkataritza ontzi batean ibili zen, baina Mexikora itzuli, eta Letra Hispanikoetako doktoretza egin zuen, Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionalean. Ondoren, Ameriketako Estatu Batuetara itzuli, eta Ohioko Unibertsitatean, Johns Hopkins Unibertsitatean eta San Diego en la Jolla Unibertsitatean katedratiko jardun zen. 1980ko hamarkadan, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu berritan, han ere aritu zen irakasle.
Testu klasikoen edizioak, poema liburuak, hamaika artikulu eta filologia gaietan eta literatur kritikan espezializatutako obrak sortu zituen; tartean, “El Unamuno contemplativo” eta “La juventud del 98” estudioak, baita “Historia social de la literatura española” polemikoa ere, letra hispanikoei metodologia marxista erabiliz emandako begirada berritzaile bat, Iris Zavalarekin eta Julio Rodríguez Puértolasekin batera idatzia. Eleberrien artean, berriz, aipatzekoak dira “Un tiempo tuyo”, “Carretera de Cuernavaca” eta “En voz continua”.
Behin erretiroa hartuta, Kalifornia San Diego Unibertsitateko irakasle emeritua izan zen Carlos Blanco Aguinaga. 2013an hil zen.



