Bidasoa Irunek denboraldiko lehen puntua lortu zuen larunbatean Artalekun. Ez zen nolanahiko puntua izan, 21 urteren ostean Bidasoa Irunek Barçaren aurka berdintzea lortu baitzuen, ASOBAL ligako sailkapenerako puntu bat eskuratuz.Gainera, tentsioz beteriko norgehiagoka izan zen, partidaren azkeneko segundora arte ez baitzen emaitza ezagutu eta bi taldeek 26ra berdindu zuten.
Lehen zatia nor baino nor aritu ziren bi taldeak. Talde katalanaren hasierako abantailei talde bidasotarrak erantzun zien, eta Esteban Salinasen bitartez etxekoek lehen aldiz hartu zuten aurrea 4. minutuan (4-3), Barçak izan zuen alderik handiena altxatuta (1-3). Norgehiagoka hori 24. minutura arte luzatu da. Atsedenaldi aurreko azken sei minututan airea hartu dute bidasotarrek: Mikel Zabalak eta Iñaki Caverok egindako golei esker lortutako 2-0eko partziala, defentsa eder eta Medhi Harbaoui bikain batek lagunduta, hiru golen abantaila eman zioten Jacobo Cuétararen taldeari, azken urteetan Artalekun ikusi den lehen zati onenetako batean (16-13).
Bigarren zatia bide ezin hobetik hasi zen, eta lehen zatiko formula errepikatuz, talde horia, asteazkenerako sarrerak agortuta zituen Artalekuk bultzatuta, lau goletara joan zen (39. minutuan, 21-17). Ia 20 minutu aurretik eta aurkaria ikusita, dena irekita zegoen. Hala ere, eta gorabeherak gorabehera, Jacobo Cuétararen taldeak lau tantoko errentari eutsi zion, Gorka Nietoren bi golen ostean (49. min., 25-21). Azken minutuak oso gogorrak izan arren bisitariak erritmoa inposatzen saiatuz, Irungo taldea gai izan zen bultzada horri eusteko eta berdinketa eskuratzeko (26-26).
Emaitza hori, talde bartzelonarra Artalekun punturen bat gabe uztea, 2002ko martxoko 10etik ez da gertatu: orduan, larunbat honetan Tomas Svenssonekin batera omendua izan den Aitor Etxaburuk zuzendutako taldeak 29-25 garaipena lortu zuen Barçaren aurka.
Irundarren hurrengo hitzordua datorren larunbatean izango da, Kantabrian, Bathco Torrelavegaren aurka (19:00etan, LaLiga+).