CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroa sortu da, kultura Irunen bihotzetik hauspotzeko gunea

Irunek inflexio-puntu garrantzitsu bat bizi izan du kulturaren arloan, Carlos Blanco Aguinaga (CBA) Kultura eta Sorkuntza Zentro berriaren inaugurazioarekin. Luzaroan agindutako proiektu hau errealitate bihurtu da, hiriaren eta inguruaren eskaintza artistikoa eta sortzailea indartzeko erronkarekin.

Hiriko espazio berri honen inaugurazioan argi geratu zenez, CBAk ez du soilik eraikin berri bat izan nahi; kultura eta herritarrak lotzeko zubi berri bat da, sorkuntza, pentsamendu kritikoa eta aniztasun artistikoa sustatzeko gune bat.

Espazioa berriak

Zentro berriak egungo CBA liburutegiaren espazioa bikoiztu du, guztira 2.400 m² gehiago erantsiz. Hedapen horrek hainbat diziplina artistiko hartu ahal izango dituen gune funtzional eta modernoak sortzeko aukera eman du. Hiriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturiko proiektu honek, hainbat arlo artistikoren egoitza izateko bokazioa du, Irun kultur esparruan ere erreferentziazko hiri bihurtzeko bidean.

CBAren bihotzean, hainbat espazio esanguratsu daude, bakoitza funtzio jakin batekin diseinatua. Lehena, Irun Zuzenean Aretoa da, 157 lagunentzako eserlekuak edo 385 pertsona zutik egoteko lekua eskaintzen du, eta kontzertuak, antzerki lanak, dantza emanaldiak eta ikus-entzunezko proiekzioak egiteko aproposa da. Programazio egonkor baten bidez, tokiko zein nazioarteko musika taldeak erakartzea espero da, askotariko kultura esparru dinamikoa sortuz. Gainera, espazioa biltegi, kamerino, komun eta beste zerbitzu batzuez osatua dago.

“Gune berriak areto moderno eta moldakorrak ditu, eta, gainera, bertako talentuaren balioa nabarmentzen du, eta lurraldeko kultur ehuna sendotzen”

Goizane Álvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua

IrekiART aretoa berriz, hirira irekitako erakusleiho gardena izango da.  Erakusketagune berriak sormen berrien eta talentu emergentearen plataforma gisa funtzionatuko du. Artearen eta jendearen arteko topagune bat izateko helburua du, non esperientzia artistikoak bizitzeko aukera izango baita.

Kontenporanea Lantegian (KEOA) Sorkuntza artistikoa eta sormen industriak bultzatzeko programak ere beren leku propioa izango dute CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroaren barnean. Proiektu honek artea espazio publikora eramatea du helburu, gizartearen eta sorkuntza artistikoaren arteko elkarrizketa sustatuz. SoinuLabor eta Ribera proiektuak ere jasotzen ditu,  bai eta hainbat dirulaguntza ere.  Beraz, sorkuntza, hibridazioa, partaidetza, berezitasuna, esperimentazioa, alderdi soziala eta teknika berrien erabilera dira protagonistak bertan.

GazteARTEan berriz, Gazteei zuzendutako programa berezia da, euren interes eta ametsetan oinarritutako proiektuak garatu ahal izateko. Espazio horrek aholkularitza, laguntza eta esperimentaziorako ingurune bat eskaintzen ditu, gazteen partaidetza eta sormena bultzatuz. Laburbilduz, gazteei zuzeneko arreta emateko zerbitzuak, IGazte eta Konekta, eta talentu emergentea eta gizartea eraldatzeko proiektuak aurrera eramateko laguntza emango da bertatik.

Aro berri baten hasiera

Inaugurazio instituzionala irailaren 11n izan zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Goizane Álvarezek eta Irungo alkate Cristina Labordak  hartu zuten hitza bertan. Ekitaldian, alkateak CBAren hamargarren urteurrenarekin bat egin duela nabarmendu zuen, eta zentro berriak hiriaren garapenerako duen garrantzia azpimarratu zuen. Goizane Álvarez Kultur diputatuak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua oso harro dagoela CBA handitzen lagundu izanaz, zentro berriak sortzeko, ikasteko eta kulturaz gozatzeko aukera gehiago emango baitizkie herritarrei. “Gune berriak areto moderno eta moldakorrak ditu, eta, gainera, bertako talentuaren balioa nabarmentzen du, eta lurraldeko kultur ehuna sendotzen”. Cristina Laborda alkateak berriz, gune berri honen sorrerak kultur munduan erreferentziazko hiria bilakatzeko duen garrantzia azaldu du. “Argi eta garbi dugu: Irungo espazioak elkarrekin harremanetan egon daitezen ez ezik, gelditzera eta haietaz gozatzera gonbida gaitzaten nahi dugu”.

Jendeak zentro berria ezagutzeko aukera izan zuen irailaren 11tik 13ra bitartean antolaturiko irekiera programazio bereziari esker. Egun horietan, hainbat jarduera egin ziren, hala nola Jon Benet, Jonbismo, irundar artistaren erakusketa bat, Janus Lester musikariarekin solasaldia, zuzenean grabatutako podcast-ak, Patxi Pérez eta Itziar Sistiagak gidatutako familientzako antzerki tailerra, Taupa familientzako musika,  bisita gidatuak, Dantza Hirian jaialdiko emanaldiak, eta Diego San José eta Mikel Pagadi komikoen parte-hartzea, tailerrak, eta Irune Muguruza eta Iñigo Jiménezen DJ saioa, besteak beste. Laburbilduz, zuzeneko musika, zinema, industria sortzailea, bitartekaritza, arte eszenikoak eta arte erakusketak izan dira lehen hiru egun horietako protagonistak. Izan ere, Irungo Udalak, Kultura arloaren bitartez, gune berri honen ardatz eta adierazpen artistikoak izango direnak erakutsi nahi izan dizkie herritarrei.

“Argi eta garbi dugu: Irungo espazioak elkarrekin harremanetan egon daitezen ez ezik gelditzera eta haietaz gozatzera gonbida gaitzaten nahi dugu”

Cristina Laborda, Irungo alkatea

Kultur espazio berriaren irekierako jarduerak bukatu diren arren, hiriko agintariek ziurtatu dute zentroak egutegi oparoa izaten jarraituko duela datozen hilabeteetan ere. Urritik aurrera, musika, erakusketak eta beste hainbat ekitaldi eskainiko dira. Adibidez, Belako, Los Punsetes  eta Tulsa izango ditugu gurekin, eta Ariel Rot eta Bebe artisten kontzertuak ere nabarmentzen dira. Horrez gain, “Reencuentro” (Jon Benet), “Relatos del Nuevo Hogar” (Arkameyers), “Evolución desde la imperfección: Arte, Realidad Virtual Y Neurociencia” (Silvia Sánchez) eta “Urak darama” (Miren Tirapu eta Ainhoa Resano) erakusketak ere egongo dira ikusgai.

Kulturarentzako topagune

CBAren helburua argia da: sortzaileen, instituzioen eta publikoaren arteko elkarlana bultzatzea. Irunek, bere mugaz gaindiko posizio geografikoari esker, bere kultura eskaintza handitu eta zabaldu nahi du, eskualdeko, Euskadiko eta nazioarteko kultura ekoizpena sustatuz. Zentro berriak, gainera, komunitate partaidetzaren aldeko apustu irmoa egin du, eta hainbat kolektiborekin elkarlanean ari da, kultura partekatutako esperientzia kolektibo gisa uler dadin.

Laburbilduz, CBA Irungo etorkizun kulturalaren sinboloa da. Hainbat diziplina artistikoen egoitza gisa, espazio honek hiriaren kultur dinamismoa sustatu eta hiritarrei esperientzia berriak eskainiko dizkie. Hau da, aukera paregabea Irunek kultura mapan duen garrantzia areagotzeko, eta Euskadiko zein mugaz gaindiko kulturaren erdigune bihurtzeko, horretako baliabideak eta aukerak eskainiz gero, noski.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude