Osasuntsu egoteko elikadura egoki bat mantentzea ezinbestekoa da
Elikatu, mugitu eta bizi. Hauxe da Garazi Lizarraga dietista eta nutrizionistak lan egiterako orduan defendatzen duen leloa. Jarduera fisikoan eta haurren elikaduran espezializatu ostean, urtebete inguru darama bere kontsultan, eta haurrekin zein helduekin lan egiteko gogoak soberan dauzka. Kontsultako lanaz gainera, Antxeta Irratian zein bere blogean kronika bereziak burutzen ditu, unean-uneko gaietan zentratuz.
Zerk bultzatu zintuen dietetika eta nutrizioa ikastera?
Denok bezala, 18 urterekin zer ikasi pentsatzen hasten zarenean, nik hasiera batean ez nekien oso ondo zer ikasi nahi nuen. Karreren eskaintza begiratzen hasi nintzenean, dietetikak atentzioa deitu zidan. Izan ere, etxean beti eduki izan dugu elikadura egoki bat eramateko ohitura eta, horrela, dietetikaren munduan abiatzea erabaki nuen.
Zeintzuk izan dira azkenaldian dietetika eta nutrizioaren inguruan sortu diren modak?
Azken boladan sekulako alarma piztu da palma olioaren inguruan. Askotan produktu baten osagai konkretuan zentratzen gara eta ez diogu produktuak orokorrean daramatzan beste osagaiei erreparatzen. Izan ere, palma olioaren inguruan hitz egiterakoan kontuan izatekoa da, palma olioa eraman ohi duten elikagaiek normalean irin finduak edo azukre finduak eraman ohi dituztela. Hau da, produktu ultraprozesatuak izategatik baztertu beharko genituzkeela eta ez palma olioa eramateagatik bakarrik.
Egun indarra hartu duen beste gai bat azukrearena da. Azukrearen kontsumoaren inguruan lanketa indartsua egiten ari da sare sozialen bitartez eta azukrearen kontsumoaren inguruan kontzientziatzeko egitasmoak ugaritu dira. Izan ere, askotan ez gara konturatzen, baina gantzak bezala azukreak ere eragin negatiboak izan ditzake.
“Askotan produktu baten osagai konkretuan zentratzen gara eta ez diogu produktuak orokorrean daramatzan beste osagaiei erreparatzen”
Sare sozialak aipatu dituzula, lagungarriak edo kaltegarriak al dira dietistaren lanerako?
Gai guztietan bezala, erabilgarriak dira oso zure mezua plazaratzeko. Dena dela, beste gai askorekin gertatzen den moduan, gaur egun erraz topatu daitekeen era askotariko informazioak partekatzen dira bertan, beraz, lagungarria izango zaigun informazioa topatzeko hautua egitea garrantzitsua izango da.
Elikadurarekin loturik burutzen dituzun kroniketan, zein gai lantzen dituzu?
Blogean zein irratian burutzen ditudan saioetan momentuko gaiak lantzen saiatu naiz. Horien artean ikerketak, kontsultan jendeak eginiko galderak edo ondoegi ezagutzen ez ditugun elikagaiak lantzen saiatzen naiz, gaurkotasunezko gaiak izan daitezen saiatuz.
“Blogean zein irratian burutzen ditudan saioetan momentuko gaiak lantzen saiatu naiz”
Askotan jendeak pisu asko denbora gutxian galtzea eskatzen du. Nola bideratuko zenuke honelako eskaera bat?
Ezin da. Hau da, esandako denbora tartea eta pertsona horren egoera aztertzea garrantzitsua izango da. Askotan pisuan bakarrik zentratzen gara, baina askotan gantz kopuruaren portzentajea kontrolatzearekin nahikoa izango litzateke. Hoberena, pixkana egitea eta elikadura ohiturak aldatzea izango litzateke.
Jendeari elikaduran burutu beharreko aldaketak esaten dizkiozunean, erraztasunez onartzen al dituzte aldaketak?
Askotan, aldaketek ez dute denbora kopuru bera eskatzen. Badira egun batetik bestera burutu ezin diren aldaketak eta, bestetik, errazago burutzen direnak ere, mentalizatuago datozelako edo beraien egoera errazagoa delako. Beste kasu batzuetan, ordea, pausu txikiak eman behar dira, horien bitartez aldaketa osoa burutzeko.
Sukaldaritza tailerrak egiteko asmoa duzu?
Datorren kurtsoan tailer hauek martxan jartzeko intentzioa daukat. Haurrentzako merienda tailerrak eta lanera eramateko azkar prestatzen diren menuen tailerrak egiteko ideiak dauzkat oraingoz. Horiez gainera, postre eta izozkien inguruan tailerren bat egingo dut, agian.
Nola azalduko zenuke elikadura egoki bat mantentzearen garrantzia?
Zure osasuna eta zure gorputza da, eta, azkenean, zure gorputza maite baduzu eta osasun egoki bat eduki nahi baduzu, ezinbestekoa izango da elikadura egoki bat mantentzea. Noski, denok dauzkagu gehiago edo gutxiago gustatzen zaizkigun gauzak, ez da ona obsesionatzea, baina elikadura osasuntsua mantentzea garrantzitsua da, hala ere.