
“Los muñecos de la tarta” ezkontza azokaren bederatzigarren edizioa hartuko du Ficobak urriaren 18an eta 19an, hau da, asteburu honetan. Ia 10 urteren ostean, azoka ezkontzear diren bikoteentzat ezkontza prestatzeko hitzordu nagusi bihurtu da. Aurten berritasun nagusia azoka Ficobako 1. pabiloian egingo dela izango da, erakusle eta bisitarien esperientzia hobetzeko. Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara zabalik egongo da. Sarrera eta aparkalekua berriz, doan izango dira, beti bezala.
Hamargarren urteurrenaren atarian, “Los Muñecos de la Tarta” ezkontza azokak apustu garrantzitsua egin du aurten: Ficobako 1. pabiloian egingo da. Erabaki horrek enpresa erakusketari gehiago hartzeko eta bisitarien esperientzia hobetzeko aukera emango die antolatzaileei. Fernando Vergara azokaren antolatzaileak eta Estudio Goverreko argazkilariak azaldu duenez, “azokaren bilakaera onaren eta arrakastaren erakusle da aurtengo aldaketa hau”.
Ezkontzen antolaketa errazteko
Azokaren helburua garbia da: ezkontza bat prestatzeko beharrezkoa den guztia espazio bakar batean eskaintzea ezkongaien antolaketa lanak errazteko. Fernando Vergarak aurreratu dutenez, “aurtengo bisitariek ezkntzetan ohikoak diren oinarrizko zerbitzuak topatuko dituzten bertan: bidaiak, DJ-ak, argazkilaritza, ezkontza jantziak, oinetakoak, dekorazioa, bideografoak, makillajea, aliantzak, festa aretoak, fotomatoiak…”.
Formatu berriari esker, bikoteek lasaitasunez bisitatu ahal izango dituzte erakusketari postu guztiak. Bisita azkar eta bakarrean egun garrantzitsu hori prestatzeko erabakiak hartu ahalko dituzte. Gainera, azokan sektoreko joera berri guztiak aurkituko dituzte, zerbitzuak konparatzeko eta inspirazioa lortzeko aukeraz gain.
Ilara itxaron gabe
Azoka bisitatu ahalko dute asteburu honetan Ficobara gerturatzen direnek. Gainera, ilarak saihestu nahi dutenek, galdetegi hau bete eta iritsi bezain laster azokara sartu ahalko dira, atean itxaron beharrik gabe.