Girabira, The Beatlesen erritmoan

Datorren igandean, urriak 3, Girabira programaren denboraldiari amaiera emango zaio, Txikimusika formatuan, Mendibil parkean. Parkera bertaratzen direnek tailerrez eta kontzertu batez osatutako programa bikoitza izango dute aukeran –tailerretan parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez–, familia osoarentzat bereziki prestatutakoa.

Berriro ere, La Fantástica Banda arituko da Mendibilen: oraingoan, bere musika haurrei helarazteko kontzertu didaktiko bat emango du, helduak alde batera utzi gabe, The Beatlesek konposatutako abestiekin.

Aurtengo aurreko ekitaldietan bezala, programaren ohiko eskemari jarraituko zaio: parkean egingo da ekitaldia, barruti hesitu batean, edukiera mugatuta eta tailerretan aurrez izena eman behar izanda, osasun neurrietara egokitzearren.

 

Egitaraua

11:00 – Haurrentzako musika tailerrak. Lau tailer proposatuko dira, dohainik, gai ezberdinei buruzkoak eta parte hartzaile ezberdinentzat sortutakoak –interesdunek izena eman beharko dute aurrez, www.girabira.net webgunean–:

Jaioberrientzako musika tailerra, 4 hilabetetik 3 urtera bitarteko haurrentzat. Taupa! Musikarekin Hazten proiektu berriak etxeko txikienentzako eta haien familientzako tailer bat emango du. Haur bakoitzak heldu batekin parte hartuko du, eta tailerra euskaraz egingo da, salbu eta familiaren batek ele bitan behar badu.
Musika tresna bat fabrikatzeko tailerra, 4 urtetik 9 urtera bitarteko haurrentzat. Kuttuna Haur Eskolaren tailerrean parte hartzen dutenek beren musika tresna propioa sortuko dute. Tailerra euskaraz egingo da, eta, inork behar badu, haurrari lagun egiten gelditu ahalko da.

Pandero tailerra, Skola Musik-en eskutik, 6 urtetik 10 urtera bitarteko haurrentzat. Ikasturte honetatik aurrera, pandero eskolak ematen ditu Skola Musik-ek, eta hastapen tailer bat eskainiko du,
Aplikazioen bidez musika sortzeko, remixak egiteko eta DJ aritzeko tailerra, 10 urtetik 14 urtera bitarteko haurrentzat. Zarauztik, DJ Makala adingabe nagusiei aplikazio musikalak musika sortzeko, remixak egiteko eta DJ aritzeko erabiltzen irakastera etorriko da. Parte hartzaile bakoitzak bere gailu mugikorra edo tableta eraman beharko du, eta, intuizioaren bidez, erraz, egungo musika estilo batzuk sortzeko prozesua eta nahasketak egitekoa nolakoak diren ikasiko du, baita DJ lana nolakoa den ere, teorian eta praktikan.

12:00 – “La Fantástica Banda plays The Beatles” kontzerturako ate irekiera –12:30ean hasiko da emanaldia–.

La Fantástica Banda The Beatlesen zale amorratua da, eta, horregatik, “La Fantástica Banda plays The Beatles” kontzertua muntatu du: Liverpoolgo laukotearen abestien bertsio pertsonalak; kontzertu didaktiko bat, helburutzat The Beatlesen musika haurrei helaraztea duena eta, gainera, taldearen historia modu ludiko, erraz eta dibertigarrian errepasatzen duena.

Lara antzokian estreinatu zen ikuskizuna, Madrilen, eta, ondoren, Madrilgo Udalak Madrid Activa programaren barruan sartu zuen, kalitate zigilu gisa. Horrela, Daoíz y Velarde antzoki-pabiloian eta Villa de Vallecas auditoriumean eman zen, baita Inverfest jaialdian Price zirkuan, Thader merkataritza gunean (Murtzian), Guadalajarako plaza nagusian, Pozuelo de Alarcóngo Koroazio plazan… ere. Kontzertuak 60 minutu irauten du, eta adin guztietako ikusleentzat da.

Formatu egokitua

2021eko edizioko formatuari eutsiko zaio: kontzertua Mendibil parkean egingo da, barruti hesitu batean, sarrera eta irteera bereizita eta edukiera kontrolatuta, eta gel hidroalkoholikoa banatuko da, segurtasun distantzia errespetatu beharko da, maskara erabili beharko da, eta ikus-entzuleek aurrez esleitutako aulkiak izango dituzte.

Esan bezala, 12:30ean hasiko da kontzertua. Emanaldia hasi baino 45 minutu lehenagotik jaso ahalko dira sarrerak, eta 12:00etan irekiko dira ateak. Neurri horiek hartzeko, aurreko edizioan bezala, jarduera zuzentzen duen langile taldea sendotuko da.

Ezinbestean, piknik mantak eta hamakak etxean utzi beharko dira berriro, baina, gutxienez, programa bueltan izango da, hiriko haurrei gozaraztera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude