Irun ekainera begira hasi da. Hain zuzen ere, San Pedro eta San Martzial jaiak direla eta hiria motorrak berotzen hasi da. Gaur eguerdian Koadrilen Eguna eta Herri Bazkariarekin loturiko xehetasunak eman dituzte antolatzaileek San Juan plazan. Hitzordua ekainaren 21ean izango bada ere, igande honetan, maiatzaren 11n Herri Bazkarirako sarreren salmenta hasiko dela iragarri dute.
Horretarako, prentsaurrekoa eskaini du Betti Gotti elkarteko Joxeja Zabalok. Berarekin batera, Antxeta Irratiko Asier Arbelaitz eta Nuria Alzaga Irungo Udaleko lehen alkateordea eta Kultura ordezkaria izan dira ekitaldiaren xehetasunak emateko.
Herri bazkarirako sarrerak
2025eko Herri Bazkarirako sarreren salmenta igandeko, maiatzaren 11ko, eguerdiko 12:00etan hasiko da. Joxeja Zabalok adierazi duenez, aurreko urteetan sarrerak elkartearen webgunearen bitartez saldu dira. Betti Gotti elkarteko ordezkariaren hitzetan, “Aldi berean bisita kopuru handia jasotzeagatik webgunea ordu luzez erortzen zenez, aurten sarreren salmenta beste era batera kudeatzea erabaki dugu”. Beraz, aurten posta elektroniko bidez salduko dira bazkarirako tiketak.
Horretarako, igande eguerdiko 12:00etatik aurrera mezu bat bidali beharko da helbide elektroniko honetara: kuadrilabazkaria@bettigotti.eus. Joxeja Zabalok azpimarratu duenez, “12:00ak baino lehen egindako eskaerak ez dira onartuko”. Gainera, koadrila bakoitzeko eskari bakarra egitea eskatu du ere, lana errazte aldera. Elkartearen posta elektronikora bidaliko den mezuan datu hauek agertu beharko dira: Koadrilako kide bakarraren izena eta bi abizenak, NAN zenbakia, adina eta jaiotze urtea (pabilioien banaketan kontutan hartuko direnak), mugikor zenbakia, herria, emaila, koadrilan adostutako izen motza, zenbat txartel behar diren (mezua bidaltzen duena barne) eta zenbat dieta berezi eta nolakoak behar diren.
Aurreko urteetako eskema jarraituz bi pabiloi erabiliko dira bazkaria egiteko Ficoban. Lehena, 18-22 urte bitarteko gazteentzat, 684 plazekin. Bigarrena, berriz, 23 urtetik gorakoentzat 1116 plaza izango dituelarik. Behin plaza horiek beteta, jasotzen diren eskaera guztiak erreserba zerrenda batean gordeko dira, plazak libratzekotan, mezua bidalitako ordenarenaren arabera banatuko liratekeenak.
Behin mezua bidalita, konfirmazio mezua iritsi jasoko da. Baliteke mezu hau “spam” atalera iristea. Erreserba amaitzeko ordainketa egin beharko da. Horretarako, pasahitza eman eta 48 orduko epean egin beharko da ordainketa, bestela, plaza galduko baita.
Lehiaketak prestatzen
Koadrilen eguna Herri Bazkaria baino gehiago denez, hasiak dira egun horren bueltan antolatzen diren ohiko lehiaketak prestatzen. Asier Arbelaitzek aurreratu du aurten ere kamiseta lehiaketa antolatuko dela iaz bezala Antxeta Irratiaren laguntzarekin. “Jendeari eskatuko diogu ahal den neurrian kamiseten diseinuetan pentsatzen hasi daitezela”. Era berean, aurten ere Goitiberen lehiaketa antolatuko dela baieztatu du, bereziki, neskei parte hartzera animatzeko deialdia luzatu die, “lehiaketak lehen neska parte hartzailea izan dezan aurten”. Zentzu horretan, etxean beren goitibehera propioa egin nahi dutenei atzera kontaketa hasi dela gogoratu die Arbelaitzek.
Nuria Alzaga Kultura ordezkariak berriz, Koadrila Eguna bezain egun jendetsu antolatzek hiriko elkarteek urte osoan zehar egiten duten lana azpimarratu du. “Pertsona hauek beren lana dute eta haien denbora libre eskaintzen dute hiriarentzat horrelako jarduerak antolatzeko, beraz, beren ahalegina eskertzeko da. Udalaren aldetik, elkarlan honek duen garrantzi azpimarratu du, Koadrilen Eguna elkarlan horren adibide garbia baita. “Egun hau irundarrentzat oso garrantzitsua den eguna da”, erantsi du Kultura ordezkariak.



