Txaranga Topaketa antolatu dute urriaren 11rako Irunen

Urriaren 11, larunbata, musikaz beteriko eguna izango da hirian. Irun Zuzenean jaialdiaren itxiera ekitaldiaz gain, Txaranga Topaketa antolatu dute egun horretarako. Irungo Udalak Peña Poteo txarangarekin elkarlanean antolatutako jarduera da, bertako zein kanpoko txarangen eskutik hiria dantzan jartzeko.

Hamar ordu baino gehiagoko programazio batekin, Irungo erdialdea izango da eszenatoki Nagusia. Eguerditik aurrera, bertako txarangak ibiliko dira kaleetan: Peña Poteo, Gauerdi, Irungo Atsegiña eta Jostallu; arratsaldean, berriz, Gazte Txaranga iruindarra, Charanga Jaleo segoviarra eta Fugitivos madrildarraren txanda izango da.

Irun Zuzenean jaialdiaren agurra

Jaialdiari bukaera emateko, Beberen kontzertu bat izango da, San Juan plazan, eta, aurrez, Aysha arituko da, Irun Zuzenean festibalaren aurtengo edizioaren esparruan. Haiekin batera, Ariel Rot, Tulsa, Los Punsetes, Janus Lester eta Belako arituko dira, besteak beste, jaialdiaren aurreko egunetan zehar emanaldiak eskaintzen; alegia, Estatuan erreferentziazkoak diren artistak eta, Kultura KM 0 programaren barruan, bertako ahots berriak.

Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kultura ordezkariaren esanetan, San Pedro eta San Martzialetan egindako Txaranga Egunak arrakasta handia izan zuenez, eta, harrera on hori ikusita, jaialdia berriro egin nahi izan dute.  “Nolanahi ere, are apustu fuerteagoa egingo dugu, eta, bertako txarangak ez ezik, kanpokoak ekarriko ditugu”, adierazi du Alzagak. Udaletik egun osoan zehar kaleetan jai-giroa egotea nahi dute, eta horrek, gainera, modu positiboan eta zuzenean tokiko ostalaritzan eragingo duela uste dute. Lehen alkateordeak aipatu duenez, “gure gogoa jardunaldi mota hauek indartzean datza, eta zer hobe Peña Poteorekin bezala etxekoekin egitea baino”. Horregatik, Peña Poteoko kideei eskerrak eman dizkiete beren laguntza eta lanarengatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude