Inude eta Artzainak igandean itzuliko dira Irungo kaleetara

Inauteriak ate-joka daude jada eta, urtero legez, Eraiki Dantza Taldea buru-belarri ari da Inude eta Artzainen konpartsaren azken xehetasunak lotzen. Datorren otsailaren 8an, igandean, eguerdiko 12:00etatik aurrera, hiriko kaleak musikaz eta dantzez beteko dituzte. Aurten 250 pertsona inguruk parte hartuko dute Eraiki Dantza Taldeak antolatutako desfilean, Dantzariekin batera, Ondare Kultur Elkarteko 4 erraldoiak eta Atseginako sukaldariak aterako direlarik.

Azken entsegua larunbatean

Igandeko desfilearen aurretik, dantzariek hitzordu garrantzitsua dute otsailaren 7an, larunbata. Goizeko 12:00etan egingo dute azken entsegua Behobiako plazatxoan, Zabaltza plazan eskainiko dituzten dantzak fintzeko asmoz. Eguraldiak laguntzen ez badu, saioa Gazteluzar ikastetxeko gimnasio estalian egingo da. Entsegu hau konpartsa osatzen duten eta Zabaltza plazan arituko diren dantzariei zuzenduta dago bereziki.

Desfilearen ibilbidea eta ordutegia

Eraiki Dantza Taldeak herritar guztiak gonbidatu ditu haiekin batera igandeko desfileaz gozatzera. Desfilea eguerdiko 12.00etan abiatuko da Santiago kaletik, Eskola kalea, Eliza kalea eta San Juan plazarainoko bidea egiteko. Bertan etenaldi txiki bat egingo dute, fandango eta arin arina dantzatu ostean. Desfilearen jarraipena, Kale Nagusia, Foru kaletik eta Colón pasealekutik izango da.

Konpartsaren geldialdi nagusia Zabaltza plazan izango da. Eguerdiko 13:00ak aldera Irungo Kontserbatorioko Orkestraren doinuekin batera, garaiko eszena ezberdinak antzeztuko dituzte bertan. Azkenik desfilea Luis Mariano kalean bukatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude