Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak jakinarazi duenez, Eguzkitza, Hirubide, Toki Alai eta Txingudiko DBHko eta Pio Baroja institutuko ikasleek, 200 guztira, hainbat garbiketa komunitario egin dituzte hirian zehar. Eskola Agenda 2030 programaren barruan kokatzen den ekimen honetan, otsailetik martxora bitartean, guztira 85 kilogramo hondakin biltzea, sailkatzea eta dagokien edukiontzietan uztea lortu dute gazteek.
Garbiketa saioak lau egunetan eta gune ezberdinetan banatu dira: otsailaren 26an Sargia parkean hasi ziren, eta martxoan zehar Mendibil (martxoak 4), Gain Gainean (martxoak 18) eta Soroxarta (martxoak 23) parkeetan jarraitu zuten. Ekintza segurtasunez bermatzeko, ikasleek eskularruak erabili dituzte une oro eta protokolo argiei jarraitu diete: taldeka lan egin dute, hondakinak poltsetan jaso dituzte eta beira edo produktu arrotzak aurkituz gero, ukitu gabe irakasleei jakinarazi diete.
Zaborra biltzeaz gain, ikasleek arazoaren muina ulertzeko lanketa sakona egin dute. Hondakinak non pilatzen diren, zer motatakoak diren (plastikoa, papera, beira, errefusa…) eta zergatik sortzen diren aztertu dute. Diagnostiko horri esker, hiriko ‘puntu beltzak’ identifikatu ahal izan dituzte, eta datu horiek guztiak prebentzio-neurriak edo azpiegitura-hobekuntzak (paperontzi edo seinale gehiago, adibidez) proposatzeko oinarri gisa erabili dituzte.
Eskola Agenda 2030
Jasotako datu eta proposamen guztiak Arazi enpresako hezkuntza-taldeak bildu ditu, ondoren Irungo Eskola arteko 2030 Eskola Agendaren Foroan aurkezteko. Ekintza hau 2024-25 ikasturtean adostutako esku-hartze planaren barruan dago, non ikasleek ekoizpen eta kontsumo jasangarriari buruzko udal-diagnostikoa egin zuten. Helburu nagusia espazio publikoen zaintzan eragitea eta udalerrian hobekuntzak bultzatzea da, betiere ikasleen ikuspegi kritiko eta eraikitzailetik.




