2025eko Gabonetarako Irunen era askotariko ekintzak antolatu dira, ohiko hitzorduak proposamen berritzaileekin tartekatuz. Egitaraua abenduko lehen egunetan hasi eta 2026ko lehen egunetara luzatuko da. Erreportaje honetan bildutako informazioaz gain, antolatutako ekintza hauen eta gehiagoren inguruko informazioa eta azken uneko eguneraketak Irunero aldizkariaren webgunean, irunero.eus, eta Irungo Udalaren webgunean, irun.org, aurkituko dituzu.
Erakusketen sasoia
Hainbat erakusketa izango dira hirian Gabon datetan: Jon Beneten “Reencuentro” (Jonbismo) erakusketa CBAn egongo da ikusgai urtarrilaren 3ra arte. AFIko XXXVI. Argazki Lehiaketa Amaia KZn ikusi ahal izango da azaroaren 17tik abenduaren 10era. Bestalde, Belenen eta Olentzeroen Erakusketa Amaia KZn izango da abenduaren 19tik urtarrilaren 4ra (asteartetik larunbatera 18:00-21:00, igandeetan 11:30-13:30). Azkenik, Tren Maketen Erakusketa ere antolatuko da Palmera Montero Espazioan, abenduaren 20tik urtarrilaren 2ra, 18:00etatik 20:00etara.
Izotza eta Merkatuak
Izotz Pistak, Izotz Lerragailua eta Curling Pistak abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra egongo dira martxan. Izotz pista Luis Marianon egongo da, haurrentzako tirolinadun izotz pista Sargia Parkean, eta izotz lerragailua eta bi Curling pista Anzaranen. Aldi berean, Gabonetako Azoka egingo da Zabaltza Plazan, abenduaren 12tik urtarrilaren 5era.
Haurrentzako ekintzak
Haur Ludoteka Sargia Parkean kokatuko da, abenduaren 20tik urtarrilaren 5era. Ludoteka itxita egongo da abenduaren 21ean eta 25ean eta urtarrilaren 1ean; arratsaldez itxita egongo da abenduaren 24an eta 31n, eta urtarrilaren 5ean.
Argi eta soinu ikuskizuna
Genaro Echeandi plazan 21 metroko altuera duen Gabonetako Zuhaitza jarriko da. Gainera, argi eta soinu ikuskizunak programatu dira arratsaldeko 19:00etarako egun hauetan: abenduaren 5ean, 6an, 7an, 12an eta 13an egingo dira, eta, ondoren, abenduaren 19tik urtarrilaren 6ra arte, egunero izango da.
Adinekoentzako jarduerak
Eguberrietan ere Adinekoak Gogoz programak jarraipena izango du “Gabonetan Gogoz 2025” izenburupean. Anaka-Puiana, Behobia, Belaskoenea, Iraso, Lekaenea, Luis Mariano, Palmera Montero, Katea eta San Migueleko adineko pertsonentzako espazioek programazio berezia izango dute. Lehen ekintzak abenduaren 2an egingo dira eta ospakizunak urtarrilaren 2ra arte luzatuko dituzte. Jarduera horiek Gabonetako ospakizunetan, jokoetan eta mahai jokoen txapelketetan, belaunaldien arteko harremanetan eta kultur elkarbizitzan oinarritzen dira, eta festen, kontzertuen, tailerren eta belen bisiten bidez burutuko dira.
Gazteentzako espazioa
Irungo Gaztelekuek eta GazteARTEan zerbitzuak Gabonetako programazio zabala antolatu dute. Tailerrak proposatzen dituzte Gabonetako pijama edo apaingarriak egiteko, baita sukaldaritza tailerrak ere. Lehian aritu nahi dutenek Drone Soccer Challenge berezia, Luix Mitxelenaren txiste txarren lehiaketa, eta Sing Star eta Just Dance bideo-joko txapelketak izango dituzte aukeran. Gainera, ikuskizunak ere eskainiko dira, esaterako, Luix Mitxelenaren bakarrizketa eta “Simplemente Aritz” magia ikuskizuna, eta jolas interaktiboa, “Eskuratu Ganbera Blindatua” (errealitate birtualeko betaurrekoekin). Azkenik, bi irteera edo txango antolatu dira: bata, Gabonetako Parkera (Bilbora) egun osoa pasatzeko, eta bestea, bolatokira arratsalde-pasa joateko.
Kale ikuskizunak
Gabonetako garaia girotzeko, hainbat kale animazio antolatu dira: Abenduaren 13an, Irungo Atsegina Erraldoien Konpartsaren kalejira egingo da goizean, eta arratsaldean, San Juan Harri Plazan, Pablo Méndez performances konpainiaren Magic Christmas ikuskizuna. Abenduaren 14an, Miren Gómezen Dantza Estudioak Barra Ballet emanaldia eskainiko du Colón pasealekuan. Abenduaren 19an, Sargia Parkeko Gabonetako herrixkaren inaugurazioa egingo da, 22 Academyren emanaldiarekin eta Disney photocallarekin. Musika ere ez da faltako, abenduaren 20an Peña Poteo Txaranga ibiliko da kalez kale, eta abenduaren 27an Ondare eta Bidasoako Erraldoiak konpartsen desfilea eta Matraka Txarangaren kalejira izango dira. Abenduaren 28an, berriz, dantza akademien Flash Mob ikusgai izango da Colón pasealekuan. Azkenik, urtarrilaren 3an, Disney pertsonaien kalejira egingo da, Ondare konpartsaren eskutik.
San Tomas
Abenduaren 21ean, igandean, San Tomas Eguna azokarekin hasiko da goizeko 09:30ean, lehiaketa-erakusketan parte hartuko duten postuak irekitzearekin. Goiz osoan zehar jarduera ugari eskainiko dira: 10:00etan txosnak irekiko dira, 10:30ean eztia dastatzeko aukera egongo da, eta haurrentzako kandela tailerra eta jolasak 11:00etan hasiko dira, ordu berean Txorimaloak Soinu Taldearen emanaldiarekin batera. Ondoren, 11:30ean Adaxka eta 12:00etan Eraiki dantza taldeek emanaldiak eskainiko dituzte. 12:30ean Barazki, Animalia eta Ezti lehiaketen sariak banatuko dira, 13:00etan Elatzeta Abesbatzak emango duen emanaldiaren aurretik.
Arratsaldean, 18:30ean Musika Kontserbatorioaren, 19:00etan Auntxa Trikitrixa Taldearen, 19:30ean Ibarla Meaka eta Meaka Euskal Dantza taldeen eta 20:00etan Kemen Dantza Taldearen emanaldiak izango dira. Festa 21:30ean amaituko da Burrunba Elektrotxarangaren emanaldiarekin.
Olentzeroren etorrera
Abenduaren 23an, asteartea, Olentzero eta Mari Domingi Irunera iritsiko dira. Arratsaldeko 17:30ean Lekaenea ikastetxetik hasita, Luis de Uranzu, Zubiaurre, Geltoki, Colón pasealekua, Foru eta Kale Nagusia zeharkatuz, San Juan Harri plazan amaituko dute ibilbidea. Behin plazan, 18:30etik 20:30era bitartean, Olentzero eta Mari Domingi haurren gutunak jasotzen egongo dira.
Errege Magoak hirian
Errege Magoen etorrera ospatzeko ekitaldiak urtarrilaren 4an, igandea, hasiko dira. Erregeen Morroiak Udaletxean haurren gutunak jasotzen egongo baitira 16:00etatik 20:00etara. Ekitaldi nagusia urtarrilaren 5ean, astelehenean, izango da. 18:00etan Errege Magoak iritsiko dira tren geltoki zaharreko nasara, eta gutun biltzaileak ere ordu horretan hasiko dira gutunak jasotzen. 18:30ean, berriz, Errege Magoen Kabalgata abiatuko da Letxunborro Etorbidetik San Juan Harri plazaraino. Azkenik, 19:30ean, Errege Magoei harrera egingo zaie udaletxean eta agur ofiziala egingo dute Udaletxetik.



