Irungo Kirol Galak tokiko kirolarien lorpenak sarituko ditu martxoaren 16an Ficoban

Irunek bere kirolarien eta kluben arrakastak ospatzeko hitzordu nagusia prest du dagoeneko. Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak gaur goizean aurkeztu du Irungo Kirol Gala, hiriko kirol munduaren dedikazioa eta 2025ean lortutako garaipenak aitortzeko helburua duen ekitaldia. Hitzordua martxoaren 16an izango da, 19:30ean, Ficoba erakustazokako auditoriumean.

Udalak urtero antolatzen duen jai honetan, hainbat kategoria sarituko dira: emakumezko eta gizonezko kirolari onenak, klubik onena eta herritarrek hautatutako “Irundarron Saria”. Olazabalen hitzetan, gala honek kirolarien lan aparta nabarmentzeaz gain, begirada zabalagoa du: “Epaileen, kirol-psikologoen eta beste hainbat profesionalen lana ere aintzatesten dugu, kirolari egiten dioten ekarpena funtsezkoa baita”.

Umorea eta futbola oholtzan
Aurtengo ekitaldiak luxuzko aurkezlea izango du: Zuhaitz Gurrutxaga Realeko jokalari ohi eta bakarrizketaria. Gurrutxagak gidari lanak egiteaz gain, bere bizipen pertsonaletan eta eliteko futbolari zeneko garaietan oinarritutako bakarrizketa saioa eskainiko du, ekitaldiari ukitu dibertigarri eta hurbila emanez.

Ohorezko saria: Txokolatezko Baloia
Galaren unerik hunkigarrienetako bat Txokolatezko Baloia ematea izango da. Ohorezko sari honek Irungo kirolean ibilbide luzea eta eredugarria izan duten pertsonak omentzen ditu. Aurreko edizioetan izen handiko kirolariek jaso dute garaikur hau: 2022: urtean Leire Landa futbolariak, 2023. urtean Leontxo García xakearen zabalpenarengatik, 2024. Alberto “Bixio” Gorriz futbolariak eta 2025. urtean Juanma Garate txirrindulariak.

“Irundarron Saria” herritarren esku
Gaurtik hasita, martxoaren 5etik, martxoaren 15era arte, herritarrek euren kutuna bozkatzeko aukera izango dute Irundarron Saria aukeratzeko. Bozketa Udalaren webgunearen bidez egin behar da, Irun Txartela erabiliz.

Hautagaien zerrenda luzea eta anitza da, hiriko kirol osasuna islatzen duena: Banakako kirolarien artean, Alaine Aguerralde, Alba Rodríguez, Asier Iguiñiz, Asier Landart, Delia Medices, Eki Fanlo, Esther Aristieta, Haimar Etxeberria, Imanol Gil, Nerea García, Oier Díaz, Paula Santamaría, Paula Vicente, Sergio Francisco, Unai Amiano eta Unai Barreto izan dira izendatuak. Taldeka edo bikoteka, berriz, Bidasoa Atletiko Taldea, CD Bidasoa, Leire Navaridas eta Jone Laguardia, Mariño – Real Unión, Santiagotarrak, Sugetrebeak Voley eta Veteranos Real Unión izan dira sariak jasotzeko izendatuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude