Irungo Udalak, Sustapen Ekonomikoko eta Hiri Bultzadako Arloaren bitartez, irun.market plataformako deskontu kodeen bosgarren edizioa jarri du martxan, hiriko merkataritza sendotzeko eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko helburuarekin. Ekimen honen bidez, Irunen erroldatutako 18 urtetik gorako pertsonek deskontu kodeak eskatu ahal izango dituzte egoitza elektronikoan apirilaren 12ra arte. Nuria Alzaga lehenengo alkateordeak adierazi duenez, proiektu honek aurrez aurreko merkataritza babestu nahi du, hiriari ekarpena eginez eta dendari zein bezeroei aukera berriak eskainiz.
Interesdunek ziurtagiri digitala (Irun Txartela, adibidez) eta babes gako pertsonalak beharko dituzte kodeak eskatzeko. Erraztasunak emateko, Udalak informazio puntuak jarriko ditu martxoaren 26an eta 31n MercaIrun azokan eta Commerce Lab gunean (Serapio Mujika kalea, 8), goizez 11:00etatik 13:30era. Martxoaren 31n, gainera, Commerce Lab gunea arratsaldez ere irekita egongo da, 16:00etatik 18:00etara, herritarren zalantzak argitzeko eta kudeaketan laguntzeko.
Berrikuntza ugari
Edizio honetako berrikuntza nagusietako bat gazteengan jarritako arreta da, haiek baitira bertako merkataritzaren etorkizuneko eragile nagusiak. Hori dela eta, 35 urtekoek eta gazteagoek hamar kode jaso ahal izango dituzte aurrerantzean, orain arteko kopurua bikoiztuz; adin horretatik gorakoek, berriz, bost kode jasotzen jarraituko dute. Aldaketa honen bidez, udal gobernuak gazteak Irunen erostera erakarri nahi ditu, hiriaren garapenean inbertitzeko modu gisa.
Bestalde, kanpainak denda fisikoetan truka daitezkeen txekeak aurkeztu ditu produktu berri gisa, erabilera errazteko eta saltokien egunerokotasunera hobeto egokitzeko. Txeke bakoitzak 30 euroko balioa izango du, baina bezeroak 20 euro ordainduko ditu behin deskontua aplikatuta. Txeke hauek 2026ko ekainaren 26ra arte trukatu ahalko dira eskuratu diren denda berean. Erosketaren zenbatekoa txekearen balioa baino handiagoa denean, erabiltzaileak aldea ordaindu beharko du, eta txikiagoa denean, saltokiak ez du diferentzia hori itzuli beharko.
Gaur egun irun.market plataformak online erosketak eta Badoa zerbitzuaren bidezko bidalketak ahalbidetzen dituen arren, txeke berriek modu zuzenagoa eskaintzen dute saltokietan bertan kontsumitzeko. Bezeroek “dendan jasotzea” aukeratu beharko dute bidalketa modu gisa eta ordainagiria erakutsi beharko dute dendan. Ekimen honekin, Irunek hiri aitzindari gisa jarraitu nahi du tokiko ekonomia babesten duten tresna digitalak eta fisikoak uztartzen.



