Irungo Udalak ia 2 milioi bideratuko ditu hainbat arlotan dirulaguntzak eskaintzeko

Calculator and euro money on a white table. Money and cash savings concept

Irungo Udalak 2024ko dirulaguntzen deialdi orokorra onartu du: 1.926.755 euro eta 49 finantzaketa lerro, gizarte ongizatearen, adinekoen, lankidetzaren, hezkuntzaren, gazteriaren, kulturaren, kirolen, enpleguaren, sustapen ekonomikoaren, herritarren partaidetzaren, euskararen, irisgarritasunaren eta efizientzia energetikoaren esparruko jardueretarako.

Cristina Laborda alkateak adierazi duenez, “laguntza hauek funtsezkoak dira hiria hobetzen eta bizirik mantentzen laguntzeko interes publikoko proiektuak sustatzeko”. “Udal baliabideak hiriaren zerbitzura jartzea da kontua, ekimenak babesteko: direla hiria dinamizatzeko jarduerak, direla enplegua sustatzekoak, direla eguneroko bizitzako arazoak konpontzekoak, hala nola etxebizitza bat eskuratzea”, azaldu du Irungo alkateak.

Dirulaguntzak, arloz arlo

Hiriko jardun ekonomikoak etekin berezia aterako du diru-laguntzetatik: 400.000 euro inguru bertako merkataritza eta enpresen sorrera sustatzeko erabiliko dira. Hirigintzako eta Garapen Jasangarriko arloek 580.000 euroko aurrekontua kudeatuko dute irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko eta bizitegi eraikinak birgaitzeko jarduketetarako. Gizarte gaietan, 300.000 euro egongo dira erabilgarri adinekoen elkarteen eta ikastetxeen jardueretarako, lankidetza proiektuetarako eta gazteentzako programetarako. Hiriko auzo elkarteek 100.000 euro inguru jasoko dituzte auzoetan jarduerak antolatzeko eta auzoetako liburutegiak kudeatzeko.

Kultura, kirol, berdintasun eta euskara gaietarako ere laguntza handiak emango dira: Kultura Arloak inauterietako konpartsei laguntzeko eta gazteen artean kultur jarduerak sustatzeko dirulaguntzak banatuko ditu; Kirol Arloak, ohi bezala, urte osoko kirol jarduerak, eskola kirola eta ekitaldi puntualak sustatuko ditu; eta Euskara Arloak zazpi laguntza lerro ere kudeatuko ditu, 100.000 euro baino gehiago, euskalduntze proiektuetan laguntzeko.

Eskaerak

Dirulaguntzen deialdi orokor honen barruan, Udalak baldintza eta inprimaki estandarizatuak jarriko ditu, hiriko entitateek informazioa errazago lortzeko eta tramitazio elektronikoa sustatzeko, baita udal zerbitzuen efizientzia hobetzeko ere.

Behin deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta eskatu ahalko dira laguntzak, apirileko bigarren hamabostalditik aurrera seguruenik, Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez,  egoitza elektronikoan, “Laguntzak eta dirulaguntzak: eskaera” tramitearen bidez. Eskabidea aurkezteko epeak laster ezagutaraziko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude