Irunek Inauteri bikoitzak izango ditu 2024an larunbateko errepikapenarekin

Gaur aurkeztu da 2024ko Irungo Inauterien 2.0 programazioa izango dena. Otsailaren 17an, larunbatean, Inauteriekin loturiko ospakizun berriak egingo dira hirian. Aurreko larunbatean bertan behera gelditu zen desfilea errepikatuko da, ohiko ibilbidearekin eta ordutegiarekin. Nuria Alzaga kulturako ordezkariak azaldu duenez, ospakizunen antolaketara batu dira konpartsen ordezkariak, Denok Bat ostalaritza-elkartea, Bidashop merkatarien elkartea eta “Los Tranquilos” kale animazioko konpartsa.

Gogoan izan behar da otsailaren 10eko, Larunbat Erregularreko, desfilea bertan behera utzi behar izan zela haize bortitzengatik abisu horia baitzegoen. Horregatik, larunbat honetan, otsailaren 17an, Irunen Inauteriak errepikatuko dira. Jarduera-programa erakargarria izango da, eta helduek zein txikiek jaiegun horretaz ahalik eta gehien gozatu ahal izango dute.

Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak esan duenez, haize bortitzak aurreikusita zeuden, eta Inauterietan parte hartzen duten pertsona guztien segurtasuna eta ongizatea bermatu beharra zegoen. “Horregatik, joan den larunbatean Inauterietako desfilea atzeratu egin behar izan genuen, eta baita egun horretarako programatutako beste proposamen batzuk ere”, adierazi du Kultura ordezkariak. Nuria Alzagak azaldu duenez, “ez zen erabaki erraza izan, baina Irungo Udalaren eta hiriko konpartsen artean adostutako erabakia izan zen”.

Hala ere, Kulturako ordezkari Nuria Alzagak, herritar guztiak eta bisitariak gonbidatu ditu berriro mozorrotu, kalera atera eta aurtengo 2.0 Inauteriaz gozatzera: “Irungo Udala eta Denok Bat ostalaritza-elkartea eta Bidashop merkatari elkartea berriro elkartu gara larunbat honetako proposamen-programa gogorarazteko”. Besteak beste, Inauterietako ohiko desfilea egingo da, eta ziurrenik inoiz baino distiratsuago gainera.

Konpartsen desfileaz gain, Bidashop merkatari-elkarteak aukera aprobetxatu du bere proposamenak aurkezteko. Besteak beste, mozorro-lehiaketa bat egingo dute, 11:00etan, Zabaltza plazan. Ostalaritzako DENOK BAT elkarteak irundarrei gonbita egin die mozorrotu eta Inauteriez goza dezaten. Gainera, gogorarazi dute ostalaritzako establezimenduek bi orduz luzatuko dutela ixteko ordua.

Larunbaterako jarduera programa

Otsailaren 17rako, larunbaterako aurreikusitako lehen ekintza Bisahop elkarteak antolatutako mozorro lehiaketa izango da. Lehiaketa Zabaltza plazan egingo da goizeko 11:00etatik aurrera. Parte hartu nahi duenak aurretik izena eman beharko du Bidashopen webgunean. Izen ematea doakoa izango da.

Arratsaldeko 17:00etan, berriz, Inauterietako desfilea hasiko da ohiko moduan. Ibilbidea ere ohikoa izango da: Desfilea Letxunborro etorbidetik abiatuko da eta Prudencio Arbide kalean amaituko da.

Azkenik Los Tranquilos konpartsa 21:00etatik aurrera kaleak girotzeaz arduratuko da. Urdanibia plazan hasi eta, San Juan, Karrika Nagusia eta Leguia karrika pasata, Berrotaranen bukatuko da.

Bandaren kontzertua atzeratua

Desfilea dela eta, atzeratu egingo dira hiriko kultur agendaren barruko proposamenak; kasu honetan, “Irun Hiria” musika bandaren kontzertua. “Irun Hiria” musika-bandaren hurrengo kontzertua martxoaren 22an izango da, ostiralarekin, 19:00etan, Amaia KZn.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude