Irungo Udalak hiriko segurtasuna eta bizikidetza indartzeko neurri beria hartu du: Udaltzaingoko plantilla pixkanaka handitzea proposatuko du, 2027. urterako hamabost agente gehiago izateko. Horrela, Udaltzaingoko plazen kopurua 104tik 119ra igoko litzateke, %15eko igoera suposatuz.
Plantillaren handitzea Udala Urriko ohiko osoko bilkuran onartzea proposatuko duen gai nagusietako bat da, eta 2024an berritu zen Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Itunaren esparruan hartutako konpromisoen barruan kokatzen da.
Udala Udaltzaingoaren egiturazko berrantolaketa ere planteatzen ari da, helburu argi batekin: gertuko auzo polizia eredua finkatzea. Eredu berri honen bidez, komunitateari begiratuko zaio eta pertsonak jarriko dira segurtasun politiken erdigunean. Iñigo Berges Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzarako ordezkariaren arabera, berregituraketa horrek “Udaltzaingoaren baliabideak hobeto antolatzea ahalbidetuko du, hirian segurtasun hobea eta handiagoa bermatzeko helburua betez.” Udaltzaingo moderno, eraginkor eta gertukoagoa lortu nahi da, kalean gehiago ibiliko dena, eta prebentzioan eta delituen aurkako zuzeneko esku hartzean oinarrituko dena.
Plantillaren hazkundearen faseak
Plantillaren hazkundea mailakatua izango da, hiru fasetan:
2025 bukaera bitartean zortzi plaza berri sortuko dira: komisarioburua, komisariordea, bi ofizial, bi ofizialorde eta bost agente. 2026 eta 2027an agenteentzako beste zazpi postu sortuko dira.
Prozesu honekin, aginte egitura sendotu eta unitateen eta zerbitzu txanden koordinazioa hobetu nahi da. Sergio Javier Pertsonentzako eta Zerbitzu Orokorretarako ordezkariak azpimarratu duenez, “hazkunde hau Giza Baliabideen Arloak Udalaren azkenaldiko historian sustatu duen handiena da.”
Bi unitate operatibo nagusi
Antolamendu berriak bi unitate operatibo nagusi aurreikusten ditu. Batetik, Herritarren Segurtasunerako Unitatea, patruila gehiago eta kalean ikusgaitasun handiagoa lortzeko, bereziki gauetan eta asteburuetan. Bestetik, Trafiko, Ordenantza eta Bizikidetza Unitatea, zirkulazioa erregulatzeko eta herritarrei arreta emateko.
Alkatearen Lehentasuna
Cristina Laborda Irungo alkatearen hitzetan, segurtasuna “nire lehentasun nagusia da, eta halaxe izango da aurrerantzean ere.” Gaineratu du “oso garbi dut irundarren kezka iturri nagusia dela, eta, horregatik, plantilla handituta, beste pauso bat eman nahi dugu, Irun hiri segurua izan dadin, lasai bizitzeko moduko hiria”.
Plantillaren hazkundea 2025eko aurrekontuaren barruan aurreikusitako marjinen barruan diseinatu da. Gai hau eta beste batzuk hilaren 28an, asteartea, bilduko den Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Batzorde Iraunkorrean landuko dira.



