Kabigorrik agenda hitzorduz lepo dakar udako etenaldiaren ostean

Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoa Irungo Udalak bultzatutako Kalean Bai programara atxikitako elkarteetako bat da. Udako etenaldiaren ostean, kultur proiektu honek bere ohiko erritmoa berreskuratu du. Dagoeneko, urrian zehar eta azarora bitarte antolatutako ekitaldien berri eman dute. Dena den, Kabigorriren webgunean eta sare sozialetan Irungo Peña kaleko 1. zenbakian antolatutako guztiaren berri ematen dute.

Urriaren 2an, ostegunean, arratsaldeko 19:00etan liburuak eta musika izeneko ekitaldi bat egingo da. Hitzaldi-ikuskizun honek liburuen historia aztertuko du, duela 6.000 urteko jatorritik hasi eta gaur egungo artista liburuetaraino. Luis Barriosek emango du hitzaldia eta Mario Telentik pianoarekin lagunduko dio zuzenean.

Biharamunean, urriaren 3an, ostiralean, Bobbi Relacek kontzertu bat emango du 20:00etan. Mendaroko Gararock Jaialdiaren eta Katapulta Tour Gipuzkoa 2025 programaren barruan. Bobbi Relacen musika estiloa delikatua da, folk, blues, pop, rock heterodoxo eta elementu psikodelikoak nahasten ditu. Barakaldon jaiotako ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoa ere bada, eta 90eko hamarkadatik dabil musikaren munduan. Kontzertuan, Bobbi Relac bere bandarekin batera arituko da: Sergio Patxuko (perkusioa eta koruak), Javier Vallejo (bateria eta koruak) eta Jorge Murci (baxua eta koruak) lagun dituela.

ALDAKETA: Irunero aldizkariaren paperezko bertsioan irakurriko zenutenez, urriaren 18rako Intujai Teatro konpainiaren “Zero-Zero, 0’0 un número redondo?” antzezlana aurreikusita zeogne Kabigorri ateneoan. Hala ere, Kabigorrik bere sare sozialen bitartez zabaldu duenez, emanaldi hori bertan behera gelditu da Kabigorrirekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Horren ordez, Intujai Teatrok Filipa Balbina eskainiko du, Bea Larrañagaren eskutik.

Azaroan sartuta, Orlis Pinedak, “kañautore kubatar-vallekano” gisa ezaguna denak, kontzertua eskainiko du Kabigorrin 2025eko azaroaren 8an, larunbatean arratsaldeko 19:30ean. Guantanamon jaiotako artista honek Kubako musikaren, rumba flamenkoaren, samba, pop, hip hop eta reggae-aren nahasketa egiten du. Madrilen bizi da 1997tik, eta mundu osoan zehar kontzertuak eman ditu. Hainbat artistarekin aritu izan da lankidetzan,  Luis E. Aute edo Eliades Ochoarekin, adibidez. Bere musikak, “Ponle corazón” abestiarekin frogatzen den bezala, blokeoaren aurkako mezuak eta Kubako egoerari buruzko jarrerak ditu.

Azaroaren 22an, larunbatean, Laura Samek (Laura Soto Sobejano), Totanan jaiotako artistak, ahozko poesia errezitaldia eskainiko du Kabigorrin, 2025eko azaroaren 22an. Poesiaren eta musika-kolaborazioen munduan murgilduta dago, eta bere lanetan gai sozialak jorratzen ditu, ustelkeria, arrazakeria, pobrezia eta osasun mentala, adibidez. “Spoken Word Bilbao” topaketaren sortzailea ere bada, eta nazioarteko hainbat agertokitan aritu da. “Incendiaria” eta “Géiser” izeneko bi poema-liburu argitaratu ditu, eta beste artista batzuekin lan egin du, hala nola, Kase.O eta Nacho Vegasekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude