Laura Silva brasildarra nagusi Alizia Txoperena Emakumezkoen PSA Challenger 2026 txapelketan

Asteburu honetan Irun squasharen munduko topagune bihurtu da Lur-Alai Squash Klubak antolatutako Alizia Txoperena PSA Challenger 2026 txapelketari esker. Ostegunetik igandera bitartean, maila goreneko emakumezko squashlariak aritu dira Artalekuko pistetan indarrak neurtzen. Guztira, herrialde desberdinetatik etorritako 20 jokalarik parte hartu dute nazioarteko oihartzuna izan duen hitzordu honetan eta 3.000 euro banatu dituzte saritan.

Kirol mailari dagokionez, Laura Silva brasildarrak jantzi du aurtengo txapela, txapelketa bikaina osatu ondoren. Final handian, Silvak 3/0 irabazi zion Rafaela Albujas ekuadortarrari, kantxan nagusitasun osoa erakutsiz.

Txapelketaren jarraipena ere maila berekoa izan da. Pere Ortiz teknikariaren laguntzari esker, partidu guztiak zuzenean eta gerora ere ikusteko aukera egon da YouTube-ko Squash TV kanalean. Gainera, epaile nagusia Alberto Ferreiro eibartarra izan da, Europako epaile ofiziala, norgehiagoka guztietan goi-mailako arbitrajea bermatuz.

Antolakuntza pozik emaitzarekin

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete babesle nagusiei —Irungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Squash federazioak, besteak beste—, baita hurbildu diren ikusle eta klubeko jokalariei ere. Jokalarien aldetik jasotako esker onak balioan jarri dituzte, iazko edizioarekin alderatuta hobekuntza nabaria izan dela azpimarratuz.

Dagoeneko, datorren urtera begira jarri dira arduradunak. Helburua squasha gero eta jende gehiagorengana iristea da, eta hurrengo ediziorako berrikuntza berriak txertatzeko lanean hasiak direla aurreratu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude