Oier Agudo Eslava, Irati Caballero López (Andoain), Eneko Miguelez Irisarri (Iruña) eta Alex San Sebastian Irizar (Beasain) LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) graduko 2. mailako ikasleak dira eta Hormart proiektua sortu dute, artearen bidez dendei, enpresei eta espazioei ikusgarritasuna ematea helburu duena.
Nola azalduko zenuke LEINN hitz batean?
LEINN hitz batean azaltzea oso zaila da, baina uste dugu diziplina hitza dela ongien definitzen duena.
Zer esan nahi du zuentzat proiektu berri bat sortzeak?
Proiektu berri bakoitza ilusio handiz hartzen dugu, batez ere, gure pasioa lana bihurtzen denean. Badakigu zaila dela proiektu bat baliabiderik gabe hastea baina, akats asko egin ondoren, pixkanaka esperientzia eta nortasuna lortzen hasten gara.
Nola sortu zen Hormart proiektua?
Proiektu honen ideia, sorkuntza zirrara handi baten ondorioz sortu zen, oso argi genuen artearekin erlazioa izango lukeen proiektu bat egin nahi genuela. Horren ondorioz, komertzioetan behar bat ikusi genuen, ikusgarritasuna ematearena ateak itxita daudenean. Hormart izena euskarazko bi hitzen batuketa da, Horma + artea.
Nondik ateratzen dituzue ideiak eta nola gauzatzen dira?
Jada, hainbat artelan egin ditugu eta pixkanaka maiztasun handiagoarekin ari gara bezeroak lortzen. Artelanak gauzatzeko hainbat prozesu egiten ditugu. Lehenik eta behin, margotu behar dugun espazioa aztertzen dugu, ondoren, bi marrazki guztiz pertsonalizatu egiten ditugu aurrekontu batekin. Azkenik, bezeroak gure eskaera onartzean, lanean hasten gara.
Kontatu proiektuaren inguruan egin duzuen akats bat eta bertatik ikasitakoa.
Hasieran, proiektu bakoitzaren benetako lana ez genuen ondo baloratzen, ez ginen konturatzen lau pertsonek sartutako orduek prezio bat zutela eta aurrekontua egiteko orduan egiten genituen kalkuluak nahiko abstraktuak izaten ziren.
LEINNen talde handietan sortzen eta ikasten duzue, zer ikasi duzue zuen taldekideengandik eta Hormart proiektutik?
LEINNen, taldean lan egiteak garrantzi handia du eta ulertu beharra dago bakoitzak bere motxila edota historiala duela. Proiektu honekin ikasi dugu, taldekide bakoitzaren iritzi desberdina, ezinbestekoa dela, eta guztiak oso baliotsuak direla. Guztiok ondo marrazten ez dakigun arren, bakoitzak bere espezialitatean gauza ezberdinak aportatu ahal ditu eta hori da LEINNi eta Hormarti balioa ematen diona. Gainera, konturatu gara konstantzia eta disziplina ezinbestekoak direla emaitza onak lortzeko.
Nola eraldatu du LEINNek zuen bizitza?
Taldeko kideak oso desberdinak ginen LEINN hasi genuenean, duela urtebete. Urtebete eta bi hilabeteren ondoren, gure lan egiteko modua eta beste pertsonekin erlazionatzeko modua guztiz desberdinak dira. Esperientzia asko bizi izan ditugu denbora honetan eta horietatik asko ikasi dugu. Esperientzia eraldatzaileena Berlinen elkarrekin bizi izan genuen hilabetea izan zen. Izan ere, bertan gure artean izan genituen hainbat gatazka konpontzen eta lankide bezala harreman ona berreskuratzen ikasi behar izan genuen. Argi dago LEINNen guztiok garapen pertsonal eta profesional handia izan dugula.
Zer esango zenuke LEINNi buruz?
Praktikaren bidez benetako ekintzailetzara bideratuta dago eta etorkizuneko liderrak izateko prestatzen gaitu, lidergoan, sormenean eta berrikuntzan oinarrituta. Geure burua eta besteak gidatzen ikasten dugu, pertsona bakoitzak erritmo eta prozesu propioa duela ulertuta. Ibilbide honek pertsona bakoitzak bere garapenean duen bide bakarra baloratzen eta errespetatzen irakasten digu, baita esperientzia eraldatzaile bat elkarrekin eraikitzen ere.



