Gaur goizean Irungo Udaleko Kultura Arloko ordezkari Nuria Alzagak eta Luis Mariano Lirika Elkarteko Ángel Pazosek Il trovatore opera aurkeztu dute. Giuseppe Verdiren opera emanaldia Amaia KZn izango da, hilak 11, larunbatarekin, 19:00etan.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, Amaia KZren webgunean. Era berean, aurrez aurre eros daitezke, Luis Marianoko turismo bulegoan eta, hitzordua baino ordubete lehenagotik, tokirik badago betiere, Amaia KZko bertako txarteldegian.
Luis Mariano Abesbatzak, Luis Mariano Orkestrak eta Eragiyok ahots grabeen abesbatzak emango dute ikuskizuna. Aldo Salvagno maisu italiarra ariko da musika zuzendari, eta bakarlariak, berriz, Manuel Mas, Javier Tomé, María Ruiz, M. Luisa Corbacho, Andrea Tabili, Iker Casares eta Klara Mendizabal izango dira. Ekoizpen eszenikoa, azkenik, modernista bera, Ana Ramosek zuzenduko du.
Il trovatore
Giuseppe Verdiren lau ekitaldiko opera erromantiko bat da, Antonio García Gutierrez idazle espainiarraren izen bereko draman oinarritua eta, melodien ederra dela-eta, Verdiren lanen artean kuttun eta antzeztuenetakoa. Libreto erromantikoaren zentzugabekeria eta ezinezko eszena guztiez harago, Verdiren musikaren edertasuna dago, eta, horri esker, mende eta erdian, obrak bere ospeari eutsi dio.
Tragedia honen argumentua nahiko konplexua da: Azucena ijitoak ama mendekatuko duela zin egitea, jauntxoaren semea bahitzea sutara botatzeko, nahasi eta sutara bere seme propioa botatzea… Zeloei buruzko drama bat da Il trovatore, non baritonoak eta tenoreak (kondeak eta Manricok) osatzen duten bikotea heriotzara arte lehiatuko den Leonora sopranoaren maitasunak itsututa. Hori guztia, XV. mendearen hasierako Bizkaia eta Aragoi artean.
Zinezko opera
Luis Mariano Lirika Elkarteak antolatzen dituen saioen barruan, hurrengo zinezko opera emanaldia maiatzaren 7an izango da, 18:00etan: Il trovatore obraren bertsio bat, maiatzaren 11ko emanaldiaren atariko. Dohainik izango da, eta Paquito Sagüések aurkeztuko du.



