Makasi Travelek mundua ezagutzeko modu arduratsu eta abenturazalea proposatzen du

Jon Pombar eta Patrick Laqueche irundarrek turismo konbentzionaletik ihes egiten duen proiektua jarri dute martxan. Talde txikiak, jasangarritasuna, kirola eta tokiko komunitateekiko errespetua dira Bidasoaldean sortutako proiektu berri honen zutabe nagusiak, turismo eredu jasangarriago baten aldeko apustuan.

Gaur egungo mundu globalizatuan, bidaiatzea inoiz baino errazagoa bihurtu da. Hala ere, erraztasun horrek sarritan masifikazioa, ingurumenaren degradazioa eta tokiko kulturen desitxuratzea dakar. Testuinguru horretan, Irunen bi gaztek, Jon Pombarrek eta Patrick Laquechek, kontrako norabidean bidaiatzea erabaki dute. Haien helburua ez da jendea leku batetik bestera eramatea soilik; bidaiatzeko modua eraldatzea dute helburu. Horrela jaio da Makasi Travel, turismoa ulertzeko modu etiko, aktibo eta sakonago bat proposatzen duen proiektua.

Jonek eta Patrickek duela hamar urte pasatxo ezagutu zuten elkar, irundarrak izaki, eta laster konturatu ziren bidaietarako grina berbera zutela. Pasio horrek Madrilera eraman zituen biak, Turismo ikasketak egitera. Gradua amaitutakoan, Jonek Madrilen jarraitu zuen lanean sektoreko enpresetan, eta Patrick Irunera itzuli zen. Hala ere, distantziak ez zuen elkarren arteko harremana eten, ezta zerbait ezberdina sortzeko gogoa ere. Ideia Patrickek bota zuen egun batean WhatsApp bidez: “Zerbait pentsatu dut”. Bideo dei bat nahikoa izan zen Jonek proiektuan buru-belarri sartzea erabakitzeko. Biek ala biek bidaiari fanatikotzat dute beren burua, baina profesional gisa, sentitzen zuten gizarteari zerbait gehiago eman behar ziotela, sektorea hobetzeko asmoz.

“Makasiren helburua da turista herrialdera moldatzea, eta ez herrialdea turistara”

Patrick Laqueche, Makasi Traveleko koordinatzailea

Ekintzaile izatea, ordea, ez da bide samurra. Jonen hitzetan, “inork ez daki ezer hasieran, igerileku hutsera salto egitea bezalakoa da”. Prestakuntza prozesu luze bati ekin zioten, aholkularitza ikastaroak kontratatuz eta Interneten informazioa bilatuz. Oztoporik handienak, aitortzen dutenez, alderdi legalak izan dira. Bidaiak kudeatzea ez da soilik hegazkin txartelak erostea; araudi zorrotzak bete behar dira, eta dena behar bezala edukitzea neketsua izan da. Prozesu honetan, Irunen jasotako babesa funtsezkoa izan dela nabarmendu dute, batez ere Bidasoa Bizirik erakundearen bidez jaso dutena, ekintzailetzarako laguntzak eta aholkularitza eskaini baitizkiete.

Makasi: Esker ona eta barne-indarra

“Makasi” hitzak jatorri eta esanahi bikoitza du, biak ala biak agentziaren filosofiarekin bat datozenak. Alde batetik, Indonesiako Bahasa hizkuntzan eskerrak emateko hitza da. Izan ere, haien lehen bidaia profesionala Malaysiara eta Sumatrara izan zen, eta munduari jasotako guztia eskertzeko modu bat dela diote. Bestetik, Kongoko tribu baten hizkuntzan, “makasi” hitzak indarra esan nahi du. Esanahi bikoitz horrek —esker ona eta indarra— laburbiltzen du proiektuaren izaera: errespetuzko begirada munduaren aurrean, baina baita abenturari ekiteko beharrezko indarra eta kemena ere.

Makasi Travelen ezaugarri nagusietako bat talde handietatik aldentzea da. Patrickek urteak eman ditu multinazionalekin eta agentzia handiekin lanean, eta argi ikusi du eredua agortuta dagoela. “60 pertsonako taldeetan bidaiatzea, autobus bete batekin herri txiki batera iristea eta denak batera jaistea erasokorra da”, azaldu du. Horregatik, Makasik 6 eta 13 pertsona arteko talde txikien aldeko apustu sendoa egiten du. Tamaina horrek malgutasuna ematen du, eta, garrantzitsuena, tokiko biztanleengan eragin negatiborik ez izatea ahalbidetzen du. Patrickek dioenez, bidaia masibo askotan ikusten dena “antzerki hutsa” da, turistentzat prestatutako dekoratu bat. “Makasiren helburua da turista herrialdera moldatzea, eta ez herrialdea turistara”, adierazi du Patrick Laquechek. Makasi Travelek aldebiko harremana sortzea bilatzen du, ekarpenak bi aldeetan eginez.

Jonen ustez, turismo masiboa da gaur egungo arazo askoren jatorria. “Jendea gero eta gutxiago motibatzen du bidaiatzeak, leku jakin batzuetan ilara amaigabeak daudelako eta dena garestitzen delako. Azkenean, ‘hankadun diru-zorro’ bat bezala sentitzen zara”. Makasik planetaren banaketa zuzenagoa eta orekatuagoa proposatzen du, oraindik ustiatu gabe dauden txokoak bilatuz, baina beti modu jasangarrian.

Eskaintza berezia

Screenshot

Gaur egun, Makasiren eskaintza Malaysia eta Sumatrara antolatutako bidaiak dira. 15 egunetan zehar, bidaiariek kontraste handiko esperientzia bizi dezakete: oihan sakonenean sartu, orangutanak ikusi, marrazo eta dortoken artean igeri egin, eta metropoli modernoen distira ezagutu, Kuala Lumpur, adibidez. “Konturatu ginen inork ez duen bidaia-pakete bat dela”, dio Pombarrek, daukaten esperientziari eta kontaktu pertsonalei esker lortutako ibilbide esklusiboa dela azpimarratuz.

“Posible da turismo jasangarriagoa eta onuragarriagoa izatea bidaiariarentzat zein helmugarentzat”

Jon Pombar, Makasi Traveleko koordinatzailea

Gainera, Makasi Travelek bi elementu bereizgarri gehitu dizkie bere bidaiei. Batetik, Jon edo Patrick taldearekin doaz 24 orduz. Ez dira “gidariak”, horretarako tokiko profesionalak baitituzte, hango historia eta ohiturak inork baino hobeto ezagutzen dituztenak. Koordinatzaileak segurtasuna ematen du, logistika kudeatzen du eta edozein arazoren aurrean irtenbideak ematen ditu. Bestetik, koordinatzaileek argitu dute Makasi bidaiak “ez dira kirol bidaiak, baina bai bidaia aktiboak”. Horregatik, jende abenturazalea eta kirol pixka bat gustuko duena bilatzen dute, oihanean ibilaldi luzeak, sumendiak igotzea edo raftinga egitea ohikoak baitira. Berrikuntza gisa, goizero entrenatzeko aukera eskaintzen diete bidaiariei, eguneko jarduerei fisikoki hobeto aurre egiteko.

Elkartasuna eta etorkizuneko erronkak

Makasi ez da soilik bidaia enpresa bat; gizarte konpromisoa ere badu. Bidaiari bakoitzaren diruaren zati bat helmugako eskola lokalei laguntzeko erabiltzen dute, dela eskola materiala erosiz edo azpiegitura txikiak hobetuz. Horrela, turismoak eragin positibo zuzena du bisitatutako komunitateetan.

Etorkizunari begira, irundarrek oinak lurrean dituzte, baina amets egiteari utzi gabe. Datozen urteetan helmuga berriak eskaini nahi dituzte, hala nola Senegal, Oman edo beste herrialde batzuk, baina beti filosofia berari eutsiz. “Lauzpabost  urtetan irteera gehiago antolatu nahiko genituzke eta koordinatzaile gehiago izan”, dio Patrick Laquechek. Bukatzeko, Makasik bidaia bat egitea baino gehiago eskaintzen du: mundua begirunez, indarrez eta zentzuarekin ezagutzeko aukera bat. Jonen hitzetan, “posible da turismo jasangarriagoa eta onuragarriagoa izatea bidaiariarentzat zein helmugarentzat”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude