Gurasoentzako Aholkularitza eta Kuadrisex zerbitzuen bitartez martxan da Asexora-T

Asexora-T zerbitzuak aurrez aurreko kontsultak edo online eskainitako zerbitzuak berreskuratu ditu pandemiaren etenaldiaren ostean. Kuadrisex edo berriki estreinatutako gurasoentzako aholkularitza zerbitzuaren bitartez sexualitateari buruzko gazteen zalantzak argitzea bilatzen da. Raquel Calvo Asexora-T zerbitzuko arduraduna da.

Nola egokitu da Asexora-T zerbitzua pandemiara?
Koronabirusa iritsi zenean, zerbitzua online eskaini ahal izateko egokitu ginen. Horretarako Instagram-eko “Stories” atalean eta jolasen bidez funtzionatu genuen edo Gaztelekuarekin elkarlanean aritu ginen ekintza eta erronka prestatzeko.

Gaur egun, berriz, nola eskaintzen duzue Asexora-T zerbitzua?
Berriro Gaztelekura aurrez aurre zerbitzua eskaintzera itzuli gara eta aurrez aurre eskaintzen diren zerbitzu berri batzuk gehitu ditugu. Hortaz gain, kontsultak online egiteko aukera eskaintzen jarraitzen dugu eta, gainera, posta-elektronikoz edo webgunearen bitartez iristen zaizkigun kontsultak erantzuten ditugu.

Berriki gurasoentzako aholkularitza zerbitzu berria estreinatu duzue. Zertan datza?
Asexora-T barruan eskainitako zerbitzu berria da eta gurasoek haien seme-alaben sexualitateari buruzko galderak erantzuteko helburua du. Izan ere, aurretik gaiarekin loturiko galderaren bat jaso izan dugulako edo honelako zerbitzua ematea eskatu izan digute. Orain zerbitzua martxan dago eta nolako harrera izango duen ikusteko dago. Momentura arte antolatutako hitzaldiek oso harrera ona izan dute, gaiak interesa sortzen du eta haien seme-alaben sexualitate osasuna hobetu nahi dute. Zentzu horretan jakin nahi dute nola murgildu daitezkeen sexualitatean modu naturalagoan.

Hortaz, gazteez gain, gurasoei arreta eskaintzeko beharra ikusi zenuten?
Bai, oso interesgarria iruditu zitzaigun, zenbaitetan, gurasoez gainera, pertsona helduen kontsultak ere jaso ohi ditugulako. Asexora-T gazteei zuzendutako zerbitzua da berez eta batzuetan ezinezkoa zaigu helduen galderei guztiei erantzutea, ondorioz, beste departamentu edo zerbitzu batzuetara zuzentzen ditugu.

Kuadrisex martxan dagoen beste zerbitzuetako bat da. Zertan datza?
Kuadrisex zerbitzuak kuadrillan sexualitateaz hitz egiteko aukera ematen du. Konekta zerbitzuarekin batera aholkularitza zerbitzua eskaintzea aztertu genuen eta hilabeteko azken larunbatetan aurrez aurreko zerbitzu eskaintzen dugu. Bestetik, asmoa kuadrillan sexualitateaz hitz egitea bada, sexualitatea lagunekin elkartzea erabaki genuen, giro horretan eroso sentitzeaz gainera, gaian aditua den norbaitekin lasaitasunez hitz egiteko aukera izan dezaten. Horrela, zalantzak argitzeko aukera izango dute.

“Kuadrisex zerbitzuak kuadrillan sexualitateaz hitz egiteko aukera ematen du”

Kuadrisex zerbitzua pandemiaren murriztapen neurrietara egokitu da?
Bai, noski. Pandemia hasi zenetik zerbitzu guztiak egokitu behar izan ditugu. Hortaz, talde txikietan biltzen gara, pertsonen arteko distantziak errespetatuz, une oro maskara eta gel hidroalkoholikoa erabiliz.

Jarduera arrakastatsua dela esango zenuke?
Bai, pandemiaren hasieran nolabaiteko etenaldia nabaritu genuen. Egoera egonkortu ahala, galdera gehiago jasotzen hasi ginen eta pixkanaka jendea jardueretan izena ematen hasi da berriro, oraindik pandemia aurreko erritmoa guztiz berreskuratu ez bada ere. Egun bestelako gaiek kezka gehiago sortzen dizkigutela uste dut, nahiz eta gu geu sexualitatea garen eta dena sexualitatearekin loturik dagoen.

Sexualitatea konfiantzazko eremu batean lantzea lagungarria izan daiteke?
Bai, konfidentzialtasunari garrantzi handia ematen diogu, baina, modu berean, konfiantzazko giroa sortzen saiatzen gara jendea gurekin eroso sentitu dadin.

Zer egin behar da Kuadrisex barruan saio bat eskatzeko?
Aurretiaz hitzordu bat eskatu beharko lukete eta zenbat pertsonek parte hartu nahi duten jakinarazi behar dute. Horretarako, asexorate@irun.org edo konekta@irun.org helbidera idatzi behar dute. Hortik aurrera, hitzorduaren eguna, ordua eta tokia zehaztuko genuke.

“Konfidentzialtasunari garrantzi handia ematen diogu”

Pandemiaren hasieratik zerbitzuan jasotako galderen kopuru edo motan aldaketarik nabaritu duzue?
Ez gehiegi. Gizartearen kezkak berdinak izaten jarraitzen dute. Hala ere, jende helduagoaren galderak jaso ditugu, bikote edo desirarekin loturikoak. Pandemiak sexu-grinaren inhibizioa eragin duela ikusi dugu kasu askotan, erabiltzaileen galderak edo bizipenak irakurri ostean.

Pandemiak harremanak izateko modua aldatu duen heinean, sexualitatean eragina izan du?
Bai, dezente gainera. Zalantza asko sortu ditu, nola ukitu edo jende berria ezagutzeko aukeren inguruan. Dena dela, maskararekin edo ukitu gabe jendea ezagutzen jarraitzeko aukerak daudela uste dugu, nahiz eta beste modu batean izan. Pandemia aurreko egoerara itzuli arte, beste modu batean harremanak izaten ikasi behar dugu, baina ziur naiz berriro elkar ukitu edo besarkatzera itzuliko garela.

Datozen aste edo hilabeteetan ekintza berririk antolatzeko asmorik duzue?
Bai, Haurtxokoekin lan egiten hasiko gara laster, hau da, 9 urtetik berako haurrekin. Horrekin loturik, Haurtxokoentzako ekintzaren bat prestatuko dugu. Bestetik, Konekta zerbitzuarekin batera jarduerak antolatzen jarraituko dugu. Orain dela gutxi “Satisfacete” ekintza antolatu genuen, sexu-jostailuak, plazera, erotismoa eta autoezagutza lantzeko eta gazteentzat antzeko beste zerbait egitea pentsatu dugu. Azkenik, hemendik gutxira Gaztelekuarekin batera “Sexualitatearen Party & Co” jolasa antolatuko dugu eta jendea parte hartzera animatu dadila espero dugu.

 

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude